Masterclass bat Marrazketa eta Pintura Akademian
Juan Carlos Aresti artistak gidatuko du ikastaroa. Azaroaren 5ean izango da, goizez, eta izen-emateak ostegunean irekiko dira.

Irungo Udaleko Kultura sailak Marrazketa eta Pintura Akademiak antolatu duen jardueren berri eman du. Hurrengo proposamena Juan Carlos Aresti artistaren Masterclass bat izango da, azaroaren 5ean, 10:00etatik 14:00etara, Marrazketa eta Pintura Akademian.
Ikastaroa bi zatitan banatuko da. Lehenik eta behin, Arestik bere obra erakutsi eta azalduko du. Ondoren, parte hartzaileak lan praktikoan murgilduko dira, artistaren begiradaren pean.
Udaletik zehaztu dute tailerrean parte hartzeko ez dela beharrezkoa aurretiko ezagutzarik izatea, baina, akuarela papera, pintzelak eta margoak norberak eramatea eskatu dute. Ikastaroak 21,60 euroko prezioa izango du.
Izen-emateak hilaren 20an, ostegunean, ireki eta azaroaren 2an itxiko dira. Izen-emate horiek telematikoki egin behar direla azaldu dute udaletik, egoitza elektronikoaren bitartez. Horretarako, interesdunek ziurtagiri elektroniko bat erabili beharko dute identifikatzeko; hala nola, Irun Txartela, BAKQ edo nortasun agiri elektronikoa.
Informazio gehiagorako, interesdunek pinturamargoa@irun.org helbidean edo 606 22 04 17 eta 695 75 29 94 telefonoetan aurkituko dute.
Juan Carlos Aresti margolariak esperientzia handia du akuarelaren praktikan, eta pintura azkarreko lehiaketetan ospe handia lortu du. Egun, eskolak ematen ditu Gipuzkoako Artisten Elkartean. Arestiren hitzetan, akuarela azken urteetan “kalitate handiko materialetan eboluzionatu duen teknika piktorikoa da” eta gaur egun oso teknika “herrikoia eta ekologikoa da, oso emaitza sortzaileak ematen dizkiguna”.