Egoitzaren ateetan egindako pintadak salatu ditu Podemosek
Irungo egoitzan eta aldameneko lokutorioan pintada eta irain arrazistak eta matxistak azaldu direla salatu du alderdi moreak.
Ostiralean Izaga kalean kokatua dagoen Irungo Podemosen egoitzan pintada arrazistak eta matxistak agertu zirela salatu du Irungo alderdi moreak. Egoitzaren aldameneko lokutorioan ere irainak eta antzeko kalteak azaldu direla esan dute alderditik.
Pintada horiek “tolerantziaren eta errespetuaren falta nabariak” direla azaldu dute Podemosetik, tankera honetako irainak agertu baitira: ‘Prohibido negras’, Indigenas putas’, Ladronas sucias’, ‘Mierda latinas’, ‘Cerdos’, Sois ratas’, ‘Zorras’, ‘Perras’ edota ‘Asquerosas zorras’. Irain horiez gain, kaka horman eta “handik alde egiteko” pintada bat ere agertu direla nabarmendu dute alderditik.
Horrelako ekintzak jasateko arrazoirik ez dagoela salatu dute alderdi moreko kideek. Gertakari horiek onargarriak ez direla zehaztu dute. Hori dela eta, Eukene Lopez bozeramaileak eta David Nuño bozeramaile eta alkateordeak dagokion salaketa jarri dute Ertzaintzan.
Irungo Podemosetik “harrituta” daude “ugaritzen ari den diskurtsoaren normalizazioaz”: “Diskurtso sinplea, erraza eta sakona da, legezkoaz haraindiko ekintzak legitimatzen dituena. Diskurtso hori etengabe errepikatzen da, eta gutxiengo eta kolektibo osoak kriminalizatzen ditu adierazpen askatasunaren babesean. Irungo Podemosetik nabarmendu nahi dugu adierazpen askatasuna hurkoarekiko errespetua hasten den tokian bukatzen dela”.
Irun kultura asko “korapilatzen” diren udalerri bat dela zehaztu dute alderditik, baina, kultura bakoitzaren “xehetasunekin aberastu eta gure bizitzak bizitzeko beste moduetara zabaldu eta kohesionatu beharrean, elkarrengandik urruntzen gaituzten ekintzak salatzen jarraitu behar dugu”. Egoera horren aurrean, Irungo Podemosek argi utzi du “lanean jarraituko” dutela “errespetuan, tolerantzian eta kohesio sozialeko politikak sustatzen, horrelako gertaerak salatzeko beharrik ez egoteko”.
Alderdi moreak “ezinbestekotzat” du “pertsona guztiak behar bezala gizarteratuta egotea”: “Gure gogoak bere horretan jarraitzen du, gorroto sinplistaren diskurtsoaren aurrean irmotasuna, determinazioa, salaketa eta pedagogia behar ditugu. Inork ez gaitu ahalegin horretan geldiaraziko, pintada asko egin arren. Ekintza horiei aurre egiten jarraitu eta salatuko ditugu. Irun pertsona guztientzat izatea nahi dugu, horrela bakarrik jarraitu ahal izango dugulako aurrera egiten errespetuaren eta tolerantziaren balioak nabarmenduko dituen gizarte batean”.