EAJk Urdanibia Jauregia txukuntzeko eskatu dio Jaurlaritzari
Jeltzaleek hiriko ondarearen aldeko apustua egin eta Irunentzat onuragarriak diren akordioak lortu nahi dituztela baietsi dute.
Irungo EAJk Urdanibia Jauregia txukuntzeko diru kopuru bat bideratzea eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailari. Jeltzaleek hiriko ondarearen aldeko apustua egin eta Irunentzat onuragarriak diren akordioak lortu nahi dituztela baietsi dute. Gauzak horrela, Urdanibia Jauregia osatzen duten hiru eraikinak (jauregia, errota eta burdinola) egokitu eta birgaitzeko eskatu dute.
Eusko Jaurlaritzak lagapena baldintza hobeago eta duinagoetan egiteko helburua duen egitasmoa da, udalari ere zama hori arinduko diona. Hala, uste baino erakargarritasun publiko, kultural eta turistikoa duen eremu berri bat izatea da jeltzaleen helburua.
Duela aste batzuk Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikoetako sailburu eta bozeramailea den Bingen Zupiria Irunen izan zen Urdanibia Jauregia bisitatzen, jauregia Irungo Udalaren esku utziko duen eta hiriko kultura ondarea zaintzeko helburua duen lagapen akordioaz hitz egiteko.
Irungo EAJk eta Xabier Iridoy bozeramaileak, harago begiratu nahian, bilera bat eskatu zioten Kultura sailburuari, aipatutako proposamena mahai gainean jartzeko. Bilera horretan, Zupiriaren iritzi “ona” jaso zutela zehaztu dute jeltzaleek. Irungo EAJk beste bilera batera deitu du Zupiria, eta hurrengo komunikazioen zain geratuko direla iragarri dute. Jeltzaleen esanetan, lanean jarraituko dute sektoreko eragile, erakunde eta herritarrekin hiria “guztion artean osatzeko eta hobetzeko”.