Eskualdeko osasun egoerarekin kezkatuta jarraitzen du Osasun Bidasoa Plataformak
Bidasoko ESIko gerentziarekin bilera bat eskatu dute eskualdeko ospitaleari eta lehen mailako arretari buruz hitz egiteko.
Osasun Bidasoa Plataformako kideek “oso kezkatuta” jarraitzen dute eskualdeko osasun egoerari dagokionez, azken hilabeteetan zenbait arazo eta gabezi identifikatu dituztelako.
Osakidetzako zuzendaritzak Bidasoko ESIko bigarren solairuan kokatuta dauden ebakuntza geletan obrak egitea proposatu du. Duela gutxi birmoldatutako ebakuntza gelak dira eta beraz, plataformako kideek “irtenbide egokiago eta agian merkeagoak” bila ditzaten nahi dute. Arazoa irizpide teknikoetan dagoela zehaztu dute. Zuzendaritzak ez du obren planorik aurkeztu eta beraz, horrek “eztabaida serio bat egiteko aukerarik ematen ez” duela salatu dute. Horren aurrean, pazienteei “onura handiagoa” ekarriko dieten beste proposamen batzuk aztertzeko negoziazio-mahaia sortzea eskatu dute Eskualdeko Ospitaleko profesional gehienek, plataformaren adostasunarekin.
Bestalde, Erdialdeko eta Dunboako anbulategietako eraikinak kolapsatuta daudela salatu dute. Espazio gabeziari erantzuteko barrakoi batzuk ezarri izana “onartezina” dela esan dute, “ez osasunaren ikuspegitik ezta kalitatearen ikuspegitik ere”.
Platafomaren aburuz, horri guztiari, lehen eta bigarren mailako profesionalen gabezia gehitu behar zaio. Ordezkapenik ez, eta itxarote zerrenda oso luzeak daudela salatu dute. “Egoera horrek diagnostiko atzerapenak ekar ditzake, pronostikoa eta tratamendua baldintzatuz”. Hortaz hirugarren anbulategi baten beharra dagoela berretsi dute.
Azaldutako kezka eta gabeziez hitz egiteko Osasun Bidasoa Plataformak bilera bat eskatu dio Bidasoko ESIko gerentziari.