[Argazki galeria eta bideoa] Irrintzi eta Algara peñak beti bezain lehiakor
Arraunaren inguruan festa itzela sortu da gaur Hondarribian. Irrintzi peñak eramango du Nabarreria Hiria Estropadaren bandera etxera.
Gaur goizean goiz heldu dira Iruñeko Irrintzi eta Algara peñak Hondarribira. Guztira 200 pertsona inguru bertaratu dira; batzuk arraun egitera, besteak animatzera. Elkarrekin gosaldu dute Hondarribia Arraun Elkartean, eta sabelak beteak zituztela, ekin diote estropadako xehetasunak antolatzeari.
Bi traineru osatu dituzte, bata Irrintzi peñako eskifaiarekin, eta bestea, Algarako eskifaiarekin. Lehenik ontzien zozketa egin, eta ondoren, ontzi bakoitzean zein patroi, zein arraunlari eta zein entrenatzaile joango ziren zozkatu dute. Taldeak horrela geratu dira: Ioseba Amunarriz patroia eta Maider Perez arraunlaria Irrintzikoekin irten dira, Iñigo Vertiz entrenatzaile lanetan zutelarik. Miren Garmendia patroia eta Maddi Olaskoaga arraunlaria, berriz, Algarakoekin, Iker Cortesen begiradapean.
11:30ean jokatu da Nabarreria Hiria Estropada. Irrintzi peñakoek irabazi dute lehia, nahiz eta aurkariek “tranpa” egin izana salatu duten. Barrez, noski, bi lagunarteen arteko lehiakortasuna agerian jarriz. Estropadaren ondoren, hamaiketako goxo bat dastatu dute Hondarribia Arraun Elkartean. Eguzkia lagun zutelarik, musikarien doinuan portura abiatu dira.