Ikasturte politiko berria hasi du Bidasoko GKSk
Gazte langileen zapalkuntzari aurre egiteko irtenbideak proposatu dituzte.
Bidasoko gazteak ere ikasturte politiko berriari begira mugitzen hasi dira. Gaur goizean aurkeztu dute Irungo Zabaltza plazan, Bidasoko Gazte Koordinadora Sozialistaren (GKS) programa politikoa. Mugimendu sozialistaren barnean gazteen problematiketan zentratzen den antolakunde sozialista da. Gazte langileak izateagatik “zapalkuntza bat” ematen dela atzeman eta horri aurre egiteko irtenbideak lantzen dituzte.
Gazteen errealitatea zein den aztertu eta hiru ezaugarri nagusi identifikatu dituzte: egiturazko langabezia, burgesiaren dominazio kulturala, eta autoritarismoa eta eskubideen ezabapena; zibil eta politikoak. Egoera hau “onartezina” dela aldarrikatu dute eta gazteei inposatu dieten “pobreziari eta autoritasmoari” aurre egiteko hurrengo proposamena plazaratu dute. Aurtengo kurtso politikoan, beraz, bost problematiketan zentratuko dira: gazteen lan merkatuan, bizi ereduaren pobretzean, gazteei bideratutako kultur industrian, hezkuntza sisteman, eta autoritarismoan eta eskubide kolektiboetan.
Kapitalismoaren ondorioz gizarte osoaren lan baldintzak okertzen ari direlaz ohartu dira, baina gazteen kasuan, problematika ñabardura zehatz batzuekin ematen dela azaldu dute. Zentzu horretan, denentzako kalitatezko lan baldintza berdinak izatea eta prekarizazioarekin amaitzea beharrezkoa dela nabarmendu dute. Paraleloki, oinarrizko bizi bitartekoak bermatzen tematuko dira, hala nola, etxebizitzan, osasungintzan, elikaduran, aisialdian… Era berean, ingurugiroaren suntsipena borrokatuko dute. “Orain arte burgesiak mugarik gabe ustiatu du natura, gizakiaren eta naturaren arteko oreka apurtuz”. Beraz, larrialdi klimatikoa eteteko sozialismoa beharrezkoa dela uste dute.
Kulturari dagokionez, gazteak musika, telesailak eta bestelakoak kontsumitzen dituztela eta horiek kapitalismoaren ideologia erreproduzitzen dutela azaldu dute, ondorioz gazteak, “gure kabuz ezin pentsatzera kondenatzen gaituzte”. Ildo horretan, hiru aldarrikapen egin dituzte: indarkeria matxista borrokatu, pobreziaren normalizazioari aurre egin, despolitizazioari aurre egin.
Hezkuntza sistemari helduz, ziklo ekonomiko berrira moldatzen ari dela ikusi eta praktikekin, zein heziketa dualarekin “lan indar merkea” sortzen ari dela identifikatu dute. Horri aurre egiteko urriaren 27an ikasle greba orokorra dagoela gogorarazi eta bertan parte hartzeko dei egin dute.
Azkenik, eskubide kolektiboei eutsiz, kriminalizazioarekin eta jazarpenekin amaitu nahi dute, gazteen garapena eta ahalduntzea bultzatuz.
Ikasturte politikoari begira, ilusioarekin eta esperantzarekin mintzatu dira, “aipatutako guztia aldatzeko aukera” dagoela ikusten baitute.