Kirol instalazioen azterketaren emaitzak kaleratu ditu udalak
Mantentzea eta hobetzearen beharra izan dira batez ere ondorio nagusiak. Instalazio planaren baitan dago ikerketa.
Udala kirol instalazio plana egiten ari da eta horren berri emateko bilera bat egin du hiriko kirol klubekin Borja Olazabalek, udaleko Kirol ordezkariak. Era horretan, ekipamenduak ebaluatu eta gerora izango diren beharrei aurre egin nahi diete.
Dagoeneko txosten bat landu dutela adierazi du udalak eta bertan kirolerako udal baliabide guztiak hartu dituzte aintzat, kiroldegiak, aire zabaleko gimnasioak, futbol zelaiak, pilotalekuak eta bestelakoak, adibidez, skate parkea.
Azterlan horren ondorioetan jaso dute kirol instalazioak “oso dibertsifikatuta” daudela eta kirola praktikatzeko aukera zabala dagoela: “modalitate aukera zabala dago”. Horrez gain, hobetzeko kontuan hartu beharreko zenbait elementu daudela ere esan du Olazabalek.
Hobekuntza horiei dagokienez, aire libreko instalazioak hobetzeko mantendu beharra dagoela ondorioztatu dutela dio Olazabalek. “Instalazioak mantendu beharra daude, eta aztertu eta mugikortasun gutxiko pertsonentzako egokitu, eta, lehentasunezkoa dela uste bada, instalazio berriren bat eraiki halakorik ez daukaten auzoetan/barrutietan”.
Futbol zelaietan ez dagoela gabeziarik ere dio ikerketak eta iritzi orokorra da “komenigarria da klubek egungo baliabideak partekatzea”. Kasu zehatz bat aipatu dute eta hori Stadium Galena da, hitzarmena berrikustea nahi dute: “Balorazio zehatzagoa egin beharra dago sinatutako hitzarmenaren esparruan zenbait elementu mantendu edo birmoldatzeko beharrei dagokienez.
Instalazio espezifikoetan ere sartu dira, hala nola, Aldabe mendiko tiro zelaia, Jaitzubia Hipika, Sonia Etxezarreta TZ eta Santiagotarrak Arraun Kluba eta horietan ez dela “lehentasunezkoa espazio falta” dio azterketak. Beste instalazioekin bezala, mantentzea eta hobetzean jarri dute azpimarra.
Plaiaundiko zelaia ere jorratu dute baina udalak adierazi du ikerketan parte hartu dutenek proposatutako irtenbideetako bat dagoeneko martxan dagoela, hots, Txenpereneara eramatea.
Kiroldegietan gabeziak daudela irakur daiteke txostenean, batez ere Artalekuren zahar egoerari buruzkoak izan dira, 30 urte baino gehiago ditu polideportiboak eta Kirol arloak berrikuntzak egiteko txosten bat enkargatu nahi duela aurreratu du.