Kasino Zaharraren irekiera «gehiegi atzeratzen» ari da
Joan den astelehenean hasi zituzten helduenek gimnasia, yoga, memoria, eskandinabiar martxa eta tai chi ikastaroak. Herritarrak pozik badaude ere, baikortasuna ez da erabatekoa.
Joan den abuztuan Kasino Zaharra urrian zabalduko zela iragarri zuen Gotzone Larrarte Ongizate Sozialeko zinegotziak. Eraikinak, ordea, itxita jarraitzen du. Alde batetik, eraikinak ez zituelako Eusko Jaurlaritzak ezarritako legeen araberako segurtasun eta irisgarritasun neurriak bermatzen (egokitzapen lanak bukatu dituzte dagoeneko) eta bestetik, zabaltzeko beharrezkoak diren baimenak noiz helduko zain daudelako. «Jendea haserre dago, Gipuzkoan zabaltzeke dagoen azken jubilatuen etxea da, gehiegi atzeratzen ari da», azaldu du Mariano Oterok, herriko erretiratuen elkarteko lehendakariak. Hala ere, Ongizate Sozialeko zinegotziaren eta Jaione Franco departamendu bereko teknikariaren inplikazioa nabarmendu nahi izan ditu.
Hilaren 3tik, helduenek ariketa fisikoa, malgutasuna edo memoria jarduerak egiteko aukera berreskuratu dute. Horiek gainera, urtarrilera arte doan izango dira, udalaren ekimenez antolatutako ikastaroak baitira, juntakideekin lankidetzan. Hasiera batean 128 plaza eskaini bazituzten ere, azkenean 150 plaza beteko dira. «Zenbait ikastaroren arrakasta ikusita eskaerari erantzuteko plazak gehitzea erabaki genuen», azaldu du zinegotziak. Hori dela-eta, memorian, yogan eta gimnasian zehazki, klase gehigarriak antolatu dituzte. Horiek bereziki faltan bota dituzte jubilatuek, «gure ongizaterako oso onuragarriak dira».
Lehendakariak ziurtatu duenez, haien egoitza zabalik egotea beharrezkoa da. «Guretzako oso garrantzitsua da. Bazkideen arteko kontaktua deuseztatu egin da». Lokalak, beraz, bazkideen arteko bizitza soziala bermatzen zuen. «Pandemiaren aurretik eraikineko tabernara joaten ginen, kafe bat hartzen genuen, terrazan kartetara jolasteko aukera genuen… Orain, ordea, ezinezkoa da zerbitzua eskaintzea». Juntak urtarrilean aurreikusten du zerbitzuaren eskumena berrartzea, baina ahal duten heinean lanean jarraituko dute. Hala, bazkideei zerbitzu «eraginkorrago bat» eskaintzeko Kasino Zaharrean zituzten zerbitzuak kanpora atera dituzte, ile-apainketa, podologia eta fisioterapia, esaterako. Eskumen osoa izatean jarduera gehiago antolatuko dituzte.