Euskararen erabilera zortzi puntu jaitsi da Hondarribian
Zimizarga auzoan entzuten da euskara gehien Soziolinguistika Klusterraren neurketaren arabera.
Soziolinguistika Klusterrak atzo arratsaldean eman zituen euskararen kaleko erabileraren inguruko datuak. Bost urtean behin egiten den ikerketa da, eta beraz, azkeneko datuak 2016koak dira. Hondarribian 84 orduko neurketa egin dute, denera 4.975 elkarrizketa lagin ikertuz. Neurketatik lortutako datuak “oso fidagarriak” direla azaldu zuen Soziolinguistika Klusterreko kide Belen Urangak. Izan ere udalak “espresuki” eskatutako ikerketa izan denez, neurketa sakonago bat egiteko aukera izan dute, “errore tartea oso txikia izan delarik”.
Soziolinguistika Klusterrak ondorioztatu zuenez, hondarribiarren %16,3k hitz egiten du euskaraz kalean. Honako datua 2016. urtekoarekin alderatuz gero, zortzu puntu jaitsi da (2016an %24,6koa zen). Datuok kezkaz jaso zituzten Kultur Etxera bertaratu ziren lagunek. Hondarribian euskara dakitenen proportzioa handia den arren, gutxik hitz egiten dutela ondorioztatu baitzen. Euskal Herrian egindako ikerketekin alderatuz, zenbait jokabide eredu berdintsu atzeman dituzte:
- Haurrak dira euskaraz gehien egiten dutenak %37,4. Gazteak, aldiz, gutxien egiten dutenak %9,8.
- Puntu bateko aldearekin bada ere, emakumeek egiten dute gehien euskaraz.
- Harreman horizontalean (adin bereko pertsonen artean) egiten da euskaraz gutxien.
- Nagusiak bakarrik daudenean gaztelaniaz egiten badute ere, haurrekin daudenean euskaraz egiten dutenen kopurua nabarmen igotzen da, %10,1etik %38,1era.
- Auzoei dagokienez, Zimizarga da euskaraz gehien egiten duen auzoa %33,6. 2016tik gainera, handitu egin da kopurua. Ondoren, Amute-Kosta auzoan egiten da gehien %17,3. Jarraian, Puntalea auzoa %16,9, Akartegi auzoa, %15,1, Alde Zaharra, %12,7 eta azkenik, Portua %12,3.
Kontuan hartzeko
Egia da Hondarribian turismoak indar handia duela, eta beraz, bisitariek herrian duten eragina “ukaezina” dela. Baina, Urangaren esanetan datuok ezin dira aldagai horrekin soilik erlazionatu. “Beste aldagaiak sakonago aztertu beharko lirateke, hala nola, euskararekiko dagoen jarrera, identitatea…”.
Etxeetako euskararen erabilerari dagokionez, azken urteetan jaisten ari zelaren sentsazioa dagoela azaldu zuten aretoan izan ziren herritarrek. “Eskoletatik, urtero, mezu bat bidaltzen digute esanez gurasoek euskaraz gehiago egin behar dugula”, azaldu zuen bertaratutako lagun batek. Datuek, ordea, ez dute joera hori berresten, etxeetan euskararen erabilera nahiko berdin mantendu da 2016rekin alderatuta. 2021ean %24,6ekoa da, 2016an %29,4ekoa.
Azkenik, aretoan euskarari garrantzia emateko eta erabilera handitzeko hartu litezkeen erabaki edo ekintzen inguruan zenbait hausnarketa egin ziren. Batzuen iritziz, udaletik hizkuntza plan bat bultzatu beharko litzateke, eta beste batzuen ustez, norbanakoek beren erabileraren inguruan hausnartu eta erantzukizun gehiago hartu beharko lukete.