Euskaraldia: Irunen bagara, zu ere bazara, izan gaitezen!
Euskaraldiaren eguna azaroaren 5ean izango da Zabaltza plazan. Ariketaren bueltan jarduera asko antolatu dituzte eragile askok elkarlanean.
Prestakuntza lanak finduta, III. Euskaraldia aurkeztu dute gaur goizean Zabaltza plazan. Alkatea izan da bertan, eta baita ere Miren Etxebeste Euskara ordezkaria, Lide Rekondo Euskaraldiko teknikaria eta Beñat Altzaga, Irungo AEKko zuzendaria.
Ariketa bat da Euskaraldia, azaroaren 18tik abenduaren 2ra arte luzatuko dena. Parte hartzeko bi rol daude, ahobizi eta belarriprest. Egitasmoa hasi baino egun batzuk lehenago arte ahalko da izena eman, Euskaraldiaren orrialde nagusian. Txapa hasi baino lehenagoko astean jasotzeko deia egingo dutela aurreratu du Rekondok.
Horrez gain, iaz Ariguneak sortu zituzten, euskaraz hitz egin daitekeela bermatzen duten espazioak, eta horiek urriaren 31 baino lehen eman behar dute izena.
Aurtengo Irungo edizioaren xehetasun guztiak jakiteko, totem informatibo bat jarri dute Zabaltza plazan eta auzoz auzo ibiliko da. “Hiruzpalau egun egongo da auzo bakoitzean eta hilabete bat ariko da bueltaka”. Azaroaren 5ean, berriz itzuliko da hasierako plazara eta Euskaraldiaren gunea bilakatuko da lekua.
Euskaraldia aurreko jarduerak
Talde eragileen, herritarren eta udalaren babesarekin antolatu dituztela Euskaraldiaren bueltako jarduerak azaldu du Rekondok. “Hemendik eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartu dutelako bai karteldegietan, bideo batzuetan eta egun hauetan ikusgarri egingo ditugun hainbat euskarritan”.
Selfie lehiaketa baten berri eman du lehenik teknikariak. Totemarekin edo txaparekin selfiak atera eta sareetara igotzen dituztenen artean zozketa bat egingo da”.
Azaroaren 5a Irungo Euskaraldiaren egun gisa ezarri dute. Euskal Herritik dabilen gune ibiltari bat jarriko dute Zabaltza plazan eta azaroaren 5ean iritsiko da Irunera, 17:00etatik 20:00etara. Egun horretan hainbat ekimen egingo direla dio Rekondok eta Euskaraldian izena emateko eta txapa jasotzeko aukera egongo dela azaldu du.
Era berean, azaroaren 5ean, ihes gela bat instalatuko dute, Euskaraldiari buruzkoa eta Klaun-In elkartea kale animazioaz arduratuko da. “Girotzea aldera arratsalde polita pasatzera gonbidatu nahi ditugu irundarrak”.
Hirugarren ekimena batzorde ireki bat egitea litzateke. Euskaraldiari buruzko iritziak jaso eta informazioa zabaldu nahi dute, eta horretarako, Palmero Montero gunean elkartzeko gonbida zabaldu dute, 18:30ean.
Euskaraldia iraun bitartekoak
Egitarauak jarraipena izango du, baita ere, behin Euskaraldia hasi eta Euskararen Nazioarteko Egunera bitartean, eta kultur ekimen ugariz gozatzeko aukera izango dute irundarrek.
- Azaroak 18. Bertso pintxo poteoa.
- Amaia Iturriotz eta Sustrai Colina bertsolariek bertso-pintxo saioan parte hartuko dute. San Juan plazatik hasiko da ibilaldia eta Urdanibia plazan amaitu. 19:00etatik 20:30era izango da.
- Azaroak 24. Erik eta Win antzezlana.
- Antzerkiak ere izango du bere tokia. Azaroaren 24an Erik eta Win antzezlana Amaia KZko oholtzan interpretatuko dute, azaroaren 24an, 19:00etan.
- Azaroak 25. Peru krokodiloa antzezlana.
- Haurrentzat Peru krokodriloa ikuskizuna programatu dute, Amaia KZn azaroaren 25erako, 18:00etan.
- Haurrentzat Peru krokodriloa ikuskizuna programatu dute, Amaia KZn azaroaren 25erako, 18:00etan.
- Abenduak 1. Mintzodromoa.
- Mintzodromoa Hendaiako Gaztelu aretoan egingo dute abenduaren 1ean.
- Abenduak 1. Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlana.
- Arratsaldeko 19:00etan, Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlana eskainiko da Amaia Kultur Zentroan.
- Abenduak 3. Euskararen Eguna.
- Euskararen Nazioarteko Egunean, Benta Zaharreko Mutiko Alaien emanaldia izango da eguerdiko 12:00etan hasita. Urdanibia Plazatik abiatuta, Luis Marianoraino joango dira musikariak.
Irunen bagara, zu ere bazara, izan gaitezen!
Kanpaina berezi bat diseinatu dute Irunerako, berrikuntza dela jakinarazi du Beñat Altzagak, AEKko zuzendariak. Irundarrek irundarretzat zabaltzea Euskaraldiaren mezua du xede, egitasmoari tokiko kutsu handiagoa emateko.
Irunen bagara, zu ere bazara, izan gaitezen! izango da leloa. Azkeneko Euskaraldian Belarriprest izateko askok ez dutela izena ematen ohartu zirela azken datu soziolinguistikoak dio Altzagak, eta Irunen horretarako potentzial handi bat dagoela uste dute. Horiei animatzeko deia da Irunerako sortu duten leloa.
“Askok ez dute izena ematen Euskaraldian uste baitute haien maila ez dela egokia. Azpimarra jarri nahi dugu Euskaraldiak ez duela zerikusirik mailarekin, baizik eta jarrerarekin. Gutxieneko ulermen maila behar da baina kito”.
Irunen bagara, Ahobizi eta Belarriprest badaudela esan nahi du Altzagaren arabera. Zu ere bazarak “zalantza baldin baduzu parte hartu dezakezun seguraski da baldintzak betetzen dituzulako” adierazi du AEKkoak, “horregatik bazara”. Izan gaitezen denok batek euskal ekosistemari egiten diola erreferentzia esan du.
Sustapena
Irungo pertsona ezagun batzuk bideo eta kartel batzuetan parte hartu dute Euskaraldiari babesa erakusten. Esate baterako, Iñigo Lavado sukaldaria, Gurutz eta Julen Aginagalde anaiak, Itziar Sistiaga idazlea, Deperita Frutadendako Victor Ortega, Teresa Errandonea atleta olinpikoa, Ana Perez eta Patxi Perez aktoreak, marrazketa eta pintura eskolako Maria Maldonado, Susana Hernandez ileapaindegiko Olatz Zabaleta, Marrubiko Mikel Castro, Koldo Salinas eta Shole Aguirre gozogileak, eta Sargia Tabernako Joseba Lopetegi.
Informazio gehiago eskuratzeko, OARSO BIDASOKO HITZAren Euskaraldiko atalera joan.