Emakume Idazleen Eguna ospatzen hasiko dira bihar
Emakume Idazleen Eguna hilaren 18an izango da, eta horren harira, Irungo Udalak hilabete osora luzatuko den programazioa antolatu du.
Emakume Idazleen Eguna ospatuko da asteartean, hilak 18, eta ospakizun horren harira, Irungo Udaleko Kultura sailak antolatu dituen jardueren berri eman du, hilabete guztira luzatuko direnak. Ekitaldi horiek CBAn eta Oiasso Museoan egingo dira, eta errezitaldiak, hitzaldiak eta erakusketak prestatu dituzte.
Lehen proposamena bihar izango da, larunbata, 19:00etan, Oiasso Museoan. Katixa Agirre idazleak eta Maite Larburu musikariak literatura eta musika uztartuko dituen emanaldi bat eskainiko dute euskaraz. Museora sartzeko gonbidapena behar da, eta gonbidapen horiek ikuskizunaren egunean bertan jaso ahal izango dira, 10:00etatik aurrera. Pertsona bakoitzak gehienez bi gonbidapen hartu ahal izango ditu.
Bigarren jarduera astelehenean izango da, hilak 17, 19:00etan, CBAn, eta emakume idazleen obren zatiak irakurriko dituzte. Espainiako Liburutegi Nazionalaren egitasmo baten fruitu da honako jarduera, FEDEPE eta Elkarte Klasiko Modernoarekin lankidetzan. Musika aldetik, Esther Barandiaranek pianoa joko du, eta Rebekka Riedelek, berriz, biolontxeloa.
Hilaren 18an, 19an eta 28an, emakume idazle kazetarien hitzaldiak antolatu dira CBAn. Hilaren 18an, asteartea, 19:00etan, Ana del Paso kazetari, irakasle eta Espainiako geopolitikan eta komunikazioan analistak, ‘El largo camino de nuestras predecesoras para llegar a donde estamos’ hitzaldia eskainiko du.
Hilaren 19an, berriz, 19:00etan, Kristina Berasainek ‘Inoiz ahaztuko ez ditudan emakumeak’ izeneko hitzaldia eskainiko du. Berasain ahaztutako gatazketan eta giza eskubideetan espezializatutako kazetaria da, eta Berria egunkariko Mundua saila zuzentzen du.
Azken hitzaldia Marta Rebon idazle eta itzultzaileak eskainiko du hilaren 28an, 19:00etan. Literatura errusiarreko itzulpenengatik da ezaguna, eta ‘Ukrainaren izan ala ez izan, Errusiaren itzalpean, literaturaren bidez’ izeneko hitzaldia emango du.
Programazioa, baina, ez da hor bukatuko, emanaldi eta hitzaldiez gain, erakusketa bat antolatu baitute CBAn, ‘Aurkitutako kaxak’ izenburupean. Elena Alcainen eskutik datorren erakusketa hori hilaren 18tik 31ra bitartean ikusi ahal izango da.