Bi beka, bazterketa arriskuan daudenei arreta emateko
Hautagaiak eta proposamenak aurkezteko epea hilaren 24an bukatuko da eta lanak argitaragabea izan behar du.
Irungo Udalak gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonei arreta emateko bi ikerketa beka berri kaleratu ditu, eta horien inguruko xehetasunak eman ditu gaur David Nuño Gizarte Ongizateko ordezkariak.
Ikerketa beka horiek sortzearen xedea da Irunen gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonei ematen zaien arretaren kalitatea hobetuko duten programa edota proiektu berritzaileak garatzea, gaur egungo erantzunei beste erantzun eraginkor, efiziente jasangarri eta bidezkoagoak gehituta.
Nuñok oso modu baikorrean baloratu du beka horiek sortu izana: “Pozik gaude alor horretan aitzindaria den beka aurkeztuta. Berrikuntza eta ikerketa sustatu nahi ditugu gai sozialetan eta, bereziki, gizarte bazterketaren alorrean. Gure helburua da egoera horretan dauden pertsonentzako arreta hobetzen jarraitzea. Horregatik, hau aukera bikaina dela uste dugu. Gizarte bazterketak aurpegi asko ditu; beraz, tresna gehiago baldin baditugu, hobeto egingo diogu aurre eraginkortasunez”.
Aurkeztutako lanak argitaragabea izan behar duela zehaztu du Nuñok, eta ez da onartuko aurrez saritutako lanik, ezta itzulpen edo egokitzapenik ere. Hautatutako proiektuek zortzi hilabete izango dituzte ikerketa gauzatzeko, eta 6.000 euroko bi beka emango dira.
Betekizunei dagokionez, interesdunak bakarka edo taldean aurkeztu ahal izango dira bekara. Horrez gain, erdi edo goi mailako unibertsitate titulu bat eduki behar da Gizarte Zientzien adarrean edo ikerketaren xedeari lotutako arloren batean.
Arloko zuzendaritzak, esku hartze komunitarioko zerbitzuko arduradunak eta esku hartze komunitarioko teknikariak osatuko dute hautaketa batzordea. Proiektuaren jatorrizko memoria eta formatu digitaleko artxibo bat Irungo Udaleko Artxibo Zerbitzuan geratuko dira gordailatuta, historiari buruzko informazio dokumentu gisa eta kontsultatzeko moduan.
Aurkezpen epeak
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilaren 24ra arte egongo da zabalik hautagaiak aurkezteko epea. Deialdiaren oinarriak Irungo Udalaren webgunean aurki daitezke, eta interesdunek Udalaren Egoitza Elektronikoan aurkeztu ahal izango dituzte euren proposamenak.