«Plano ez ziur bat sortzea lortu dut, ez dakizu oso ongi non zauden»
Artista tolosarrak bost urte daramatza Larreaundiko Marte estudioan. ‘BER’ erakusketa jarri berri du Hache galerian: 2014an hasi eta transformazioa ildo duen ikerketa sormen proiektua da.
BER izena du erakusketak. Zein da izenburuaren esanahia?
Gaztelaniaz v-rekin idatziko litzatekeen ikusiren esanahia du, eta euskaraz aurrizkiari dagokio, berrikusi, berreraiki, birplantetatu edo birmoldatu. Nire material propioarekin berregin ditut irudi berriak, hau da, irudi batzuk daude osatuta zati oso txikiekin, eta zati hauek nire lehengo mihiseak dira. Batzuetan papera dirudi [barrez], baina nire margoak dira. Ez ditut apurtu, transformatu egin ditut.
Berrasmatzeko, akaso, ibilbide artistikoan inflexio puntu bat egon da?
Ez, ez dut uste. Dena ez da gauza bat erabakitzea, baizik eta dena doa prozesuaren barnean. Prozesu luzea da, eta iker- keta du oinarri. Galeriaren sarreran koaderno bat jarri ohi dut, gustatzen zaidalako erakustea nire lehenengo ideiak. Murgilduta nengoen collage irudi batzuk eraiki nahian, modu bidimentsionalean nenbilen jolasten, nahiz eta koadro horiek oraingoan ez ditut ikusgai jarri. Momentu horretan, collage-an beste irtenbide bat lortu nahian, Marte estudioan soberan nituen zatitxo batzuekin hasi nintzen probak egiten. Emaitza asko gustatzen zitzaidala ikusi nuen, lortuko nuela nik nahi nuena.
Orduan aurkitu zenuen bidea?
Orduan ikerketa bat hasi nuen, ondo iruditzen zitzaidan emaitza bat nola lor- tu aurkitzeko. Denbora luzez materiala kolarekin itsasten izan nintzen, zatitxoak josten… Ez naiz kolaren zalea, eta josten aspertu egiten naiz. Beste teknika bat behar nuen, eta iltzeetara iritsi nintzen, ez dakit nola. Ez zait gustatzen iltzeak ikustea, eta ikus daitekeen moduan, sorpresa efektu hori lortu dudala uste dut. Zati bakoitzak iltze bat dauka, bata bestearen gainean, eta ez dira ikusten. Beste unibertso bat sortu da.
Asko gustatu zitzaidan emaitza, eta materiala behar nuen hori egiteko. Aurreko lana transformatzea erabaki nuen orduan. Koadro asko transformatu ditut eta proiektuak gero badu bere jarraipena. Interesantea iruditzen zait beti jarraipena izatea, geldirik ez egotea. Irudi ia guztiak transformatu nituen, baina une ba- tean erabaki nuen nahikoa zela. Emaitza begiratzen hasi nintzen, eta gehien interesatu zaidana da mugitzen zarenean koadroaren inguruan, gelditzen den paisaia aldatu egiten dela. Mugitzera gonbidatzen zaitu, gerturatzera, urrutiratzera, eta erliebe horrek ematen duen aukera horrekin hasi nintzen argazkiak egiten, zein mugimendu sortzen diren erreparatzeko.
Eskulturak direla esan daiteke. Baina margolanak ere ikus daitezke.
Erakusketan ikus daitekeen hurrengo zatia da behin argazkiak eginda manipulatu nituela, berriz ere argazki horiek zati bilakatuz, eta muntai desberdinak egiten, beste emaitza bat lortu dut. Zatien metaketarekin paisaiak lortu ditut. Berriro berdina egin dut, baina modu desberdin batean, kasu honetan modu bidimentsionalean. Plano ez ziur bat sortzea lortu dut, ez dakizu oso ongi non zauden, non mugitzen diren gauzak. Konfusioa eragiten dute margolanek eta hori interesatzen zait. Koadro konplikatuak izan dira niretzat. Egiteko lana baino, obserbazio lana handiago izan da.
Zerk erakartzen zaitu konfusiotik?
Buruan neukan konplikazioa, ikuslearen konplikatze bat, non ekartzen duen obserbazio sakonagoa, denbora gehiago gelditzea. Ikusleak deskubritzea eta gertatzen denaren zalantza edukitzea.
Zein dira proposatzen dituzun unibertsoak?
Abstrakzioak beti ematen du imajinatzeko aukera handia, bakoitzak ikusten du ikusten duena. Nire pentsamendua beti modu filosofiko batean eramaten dut gizakira. Gai psikologikoak asko interesatzen zaizkit, jendearen harremanak non lotzen diren eta non apurtzen diren. Nire buruan beti dago hori, unitate bat, pertsona bat eta nola lotzen den dena. Zati hauek mundua iradokitzen dute. Planetako mugimendu migratorioak ere izan ditut buruan, mugimendua berriz ere. Intentzio gehiagorekin egin ditut mugimenduak bereziki migrazioa landu nahi izan dudanean.
Zapart euskal artisten sarea sortzen ere bazabiltza.
Zapart euskal artisten sarea sortu dugu, bai. Oso garrantzitsua da, hemen bakoitza dagoelako punta batean, eta ez gaude elkartuta. Edozein artista profesional euskaldun gehitu daiteke. Orain artisten eskubideei buruz eztabaidatzen ari gara: gu gonbidatuta gaude toki askotara erakusketak egitera, eta kobratzen ez duen bakarra artista izan ohi da. Teknikoek, argi teknikariek, udalekoek, garbitzaileek… denek kobratzen dute, artistak izan ezik. Horretaz ez da hitz egiten. Ez da bakarrik dirurik ez irabaztea, gastuak ere ez dira kontuan hartzen.
Artisten kalkulagailua ere sortu dugu, gure tokian kokatzeko, gure ogibideaz bizi nahi dugulako. Artekari digital bat ere egiten ari gara, eta gure orrialdean egongo da (zapart.eus). Bertan guk nahi dugunaren iragarki eta berriak jasoko ditugu.