Tasak eta zergak hamargarrenez izoztuko dituzte
"Hondarribiarrei gainkarga kentzeko" hartutako erabakia dela azaldu du Juan Mari Altuna Ogasun Zinegotziak.
Gaur goizean egindako ogasun batzordean, ordenantza fiskalen inguruko erabakiak hartu dituzte udaletxean. Azken hilabeteetan elikagaien eta energiaren prezioek gora egin dute eta zentzu horretan, “hondarribiarrei gainkarga kentzeko” asmoz 2023 urterako tasak eta zergak izoztea erabaki dute, hamargarrenez. Hori dela-eta, hobariak eta ordenantza fiskalean egokitzapenak egitea proposatu dute: Udal Euskaltegiaren inguruko ordenantza fiskala aldatzeko proposamena, trakzio mekanikozko ibilgailuen ingurukoa, eta Jarduera Ekonomikoen gaineko zerga eta Ondasun Higiezinen gaineko zerga arautzen dituen ordenantza fiskala aldatzeko proposamena. Erabaki honekin “familietan eragina izatea espero dugu”.
Hortaz gain, kreditu gehigarri bat egitea zehaztu dute “kopuruak ez dira handiak, baina bai garrantzitsuak”: 11.000 euro Hondarribiko Pilota Eskolari, materiala erosteko eta Eskola kirola arloan, hiru ikastetxeei 3.000 euro bana kamisetak erosteko. Kreditu gehigarria urriaren 27an egingo den udalbatzan aurkeztuko da “definitiboki onartua izan dadin”.
2023 urteko aurrekontuei dagokienez, dokumentua aurreratuta dagoela jakinarazi du zinegotziak, “arlo ezberdinetako dokumentuak jaso ditugu” eta beraz, abendu bukaera baina lehen onartzea espero dute. Ekonomiari jarraiki, orain arte, Foru Aldundiak emandako datuak “baikorrak” direla azaldu du Altunak, baina Euskal Finantza Kontseiluaren zain dira, gaur jakingo baitute Foro Funtsetatik jasoko duten aurrekontua zenbatekoa izango den. “12.800 euroko aurrekontua izan genuen iaz. Gaurko datuek eragina izan dezakete 2023ko udal aurrekontuetan”. Horren berri izateko alkatea Eudelen izango da gaur.