"Kasino Zaharraren geldialdia EAJren kudeaketa txarraren ondorioa da"
Abotsanitz Udal Taldeak juntakide eta helduen behar eta nahiak kontuan hartu ez izana leporatu dio udalari.
Abuztuaren 30ean, Kasino Zaharra, urriaren 1ean irekiko zela jakinarazi zuen Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, baina unea helduta, Kasino Zaharrak itxita jarraitzen du.
Testuinguru horretan, Abotsanitz Udal Taldeak Kasino Zaharraren “kudeaketa txarra” egin izana leporatu dio udalari, beren hitzetan, ez baitituzte juntakide eta helduen behar eta nahiak kontuan hartu. Zahartzarora heltzean, hura “modu duin” batean gozatzeko dimentsio guztiak, -sozialak, ekonomikoak, kulturalak, espiritualak eta zibikoak- kontuan hartu behar direla azaldu dute, “administrazioak horretarako baliabideak jarri behar dituelarik”. Zentzu horretan, Jubilatuen Etxea itxita mantentzerakoan, guzti horiek betetzen ez direla iritzi dute.
Instalazioak itxita jarraitzeaz gain, juntakideak babesgabetasun egoeran daudela salatu dute, udal instalazioen erabilera-lagapenaren hitzarmena eta diru laguntza hitzarmenak “ez baitaude ez sinatuta ezta idatziak ere”. Azkenik, datozen hilabetetan Kasino Zaharra Abotsanitzek duela 8 hilabete proposatu zuen “eta udalak gaitzetsi zuen” moduan irekitzea aurreikusten dutelaz kexatu dira.