Euskal Herriko espetxe batera lekualdatuko dute Iratxe Sorzabal
2015etik aurtengo irailera arte Frantziako Estatuko Reauko espetxean egon da irundarra. Madrid VII presondegitik Euskal Herriko batera hurbilduko dute.
Espainiako Gobernuaren Espetxe Zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Gizarte Politika eta Justizia Departamenduak adostu dute 11 euskal preso Euskal Herriko espetxeetara lekualdatzea. Horien artean dago Iratxe Sorzabal irundarra.
Frantziako Estatuko Reauko espetxean 2015etik izan ondoren, aurtengo irailean Espainiara eraman zuten Sorzabal, eta hilabete horren 9tik Madrid VII (Estremera) espetxean da. Erabakia hartuta, orain Eusko Jaurlaritzak ebatzi behar du zein presondegira eramango duten irundarra, alegia, Martutenera, Zaballara (Araba) edo Basaurira (Bizkaia).