Hipikako Oztopo Jauzien Mapfre Kopako finalak, Jaitzubian
Finalak asteburuan izango dira, eta parte hartzaileak altuera ezberdinetan ariko dira, 0,50 eta 1,30 metro arteko jauziak egingo baitituzte.
Irungo Jaizubia Hipika Klubak Euskal Hipika Federazioak antolatzen dituen Oztopo Jauzien II. Mapfre Kopako finalak hartuko ditu asteburuan, hilaren 15ean eta 16an, eta gaur goizean aurkeztu dituzte Itziar Urtizberea klubeko idazkariak, Xabier Berrotaran klubeko zuzendari teknikoak, Francisco Javier Fraile Gipuzkoako Mapfreko ordezkariak eta Borja Olazabal Irungo Udaleko Kirol ordezkariak.
Jaizubian egingo diren final horietan 120 zaldizko eta amazona inguruk hartuko dute parte. Kirolariek pistarekin izango duten lehen kontaktua bihar izango da, ostirala, 12:00etatik 18:00etara, eta hor hasiko dira parte hartzaileak bi jardunaldiak prestatzen.
Larunbateko eta igandeko hitzorduak 09:00etan hasiko dira, eta finalistak altuera ezberdinetan lehiatuko dira, 0,50 metro eta 1,30 metro arteko jauziak egingo baitituzte. YouTube bidez ere jarraitu ahal izango dira, finalak ClipMyHorse kanalean emango baitira.
Parte hartzaileen etorrera errazteko, ibilgailuentzako aparkalekuak ahalbidetuko dituzte Txingudi Ikastolan, ikastolaren aurreko zelaian eta Urdanibia Jauregiaren inguruan.