Emanaldiz betetako egunak datoz Kabigorrira
Gaur eta larunbata artean, kontzertuez eta dantza emanaldiz gozatu ahal izango da Kabigorriko egoitzan.
Kabigorriren XXV. urteurrenaren ospakizunak martxan dira, eta jarduera mordoarekin eraiki dute ospakizunen programazioa. Gaur eta larunbata artean, bi kontzertu eta dantza garaikideko emanaldi bat egingo dira Kabigorriren egoitzan, eta urte bukaera bitartean, beste hainbat ekintzez gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek.
Gaur emango zaio hasiera datozen hiru egunetan antolatu diren emanaldiei. Gaur, 19:30etik aurrera, DES-IN-KON-EXION dantza garaikideko konpainiaren emanaldi bat egongo da Iratze Recio eta Jon Aizpunen eskutik.
Bihar, ostirala, 23:30ean, lehen kontzertuaren txanda izango da. Iria Estevez abeslari galiziarrak Camiños do Fado proiektua aurkeztuko du. Kontzertu horrek fadoaren estilo ezberdinak jorratuko ditu, eta musika galiziarra edo brasildarra uztartzen ditu.
Azkenik, larunbatean, 19:30ean, bigarren kontzertuaz gozatu ahal izango da. Iker Piris Organ Trio taldeak funk, jazz eta blues estiloak uztartzen dituen kontzertua eskainiko du.