Vila Bira martxa zikloturista, igandean
Bihar itxiko dute izen emate epea. Igandean 107km egingo dituzte parte hartzaileek. Larunbaterako, berriz, txirrindularitzaren inguruko solasaldia prestatu dute.
Orain arte ‘Patxi Vila Martxa’ izenarekin ezagutzen zen martxa zikloturistari lekukoa hartu dio Vila Birak. Patxi Vila bidasotarrarraren ibilbide profesionala omentzen duen martxa zikloturista da. Igandean 400 pertsona inguru bilduko dira hondartzako aparkalekuan, parte hartzaileen %25a emakumeak izango direlarik. Elkarrekin 107km burutuko dituzte bizikletaz, Patxi Vilak ondo ezagutzen dituen errepideetatik. “Asko gozatu dut paraje hauetan. Nire helburuak bertan prestatzen nituen”. Bizikleta, kaskoa, xira eta argia eramatea gomendatu dute antolatzaileek.
08:30ean Hondarribitik irten eta Irun, Zalain, Bera, Lesaka, Errenteria, Lezo eta Oiartzun zeharkatu ondoren, Hondarribira itzuliko dira. Ibilbidea gorabeheratsua izango dela aurreratu dute antolatzaileek, “Euskal Herriko orografia ez baita xamurra”. Hori dela-eta, hainbat geldialdi egingo dituzte tropela berriz elkartzeko. Proba hasi aurretik 08:00etan “galdutako lagun bati” omenaldi txiki bat egingo diote.
Aurtengo edizioan, Aldundiaren Emakumeak Errepidean inklusio programarekin bat egin du Vila Birak, kirolean ere, emakumeen ahalduntzea sendotzeko asmoz. Lehen 10km-ra arte, Behobia auzoraino, programako kideek gidatuko dute martxa.
Martxa zikloturista izango denez ez da errepide mozketarik egingo, beraz, “kontu handiz ibiltzeko» deia egin dute antolatzaileek.
Txirrindularitzaren inguruko solasaldia
Larunbatean, txirrindularitzaren inguruko solasaldi bat egingo dute. Bertan izango dira Pedro Rio, Joseba Beloki eta Patxi Vila. Txente Garciaren eta Ane Santestebanen presentzia konfirmatzeke dago oraindik. Eurosporteko Laura Meseguer kazetaria arituko da gidaritza lanetan. Solasaldia 18:30ean hasiko da Kultur Etxean.