Aste honetako Amaia KZko agenda
DokuIrungo protagonista urtegiak izango dira, Europa eta EAEko akuarelek erakusgela hartuko dute eta Shakespeareren 'Twelfth Night' taularatuko dute.
Aste honetan Amaia KZn egongo den agenda kulturalaren berri eman du udalak.
Europako XXV. Akuarela Sinposioa
Europako XXV. Akuarela Sinposiorako Euskal Akuarelarien elkarteak antolatutako erakusketaren parte bat egongo da ikusgai Amaia KZn, urriaren 14tik azaroaren 20ra arte.
53 artelan izango dira guztira eta leku ezberdinetako jatorria dutenak, esaterako, Norvegia, Alemania, Italia… “Europako Akuarela Konfederazioaren kide diren 14 elkarteetatik iritsi dira. Euskal Akuarelarien Elkartea da erakunde horretako beste kide bat”. Akuarelak ikusteko eta ezagutzeko “aukera ederra” dela dio elkarteak. EAEn afizio handia duela akuarelak adierazi dute.
Nahiz eta margolan guztietan teknika berdina den erabilitakoa, sentikortasun eta tratamendu artistikoa bata bestearekiko “oso desberdina” dela diote, “baita gaiari dagokionez ere”.
Erakusketa gelaren ohiko ordutegian bisitatzeko aukera izango da, asteartetik larunbatera, 18:00etatik 21:00etara, eta igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era. Astelehenetan erakusketa itxita egongo da.
Doku Irun
Artikutzako istorio bat eramango du Amaiako pantaila handira Bego Zubiak, Urak aske filma proiektatuko baitute ostiral honetan, 19:00etan.
DokuIrun programaren baitan antolatu da eta 74 minutuko iraupena du euskarazko obrak. Gaztelaniazko azpitituluak edukiko ditu.
Sinopsi osoa udalaren orrialdean irakur daiteke. Sarrera doakoa da baina aurrez eskuratu behar da, leihatilan edota orrialde honetan.
Antzerkia
Shakespeare, ingeles antzerkigile ezagunaren Twelfth Night antzerkia taulara igoko dute larunbatean, 19:00etan. Sarreraren prezioa 10 edota 15 eurokoa da eta ohiko bideetan eskura daitezke.