Silanes: "Oso pozik gaude aurtengo Grand Slamarekin"
Hondarribia Grand Slamaren balorazio positiboa egin du Udalak.
Larunbatean Hondarribia Grand Slamaren finala jokatu zen eta Jostaldi pilotalekua “topetaraino bete zen”. Kirolariek uda osoan zehar maila handia eskaini dute eta horrek ikusleenganako erantzunean eragina izan duela uste du Juan Luis Silanes Kirol Jardueren zinegotziak. Zentzu horretan eskerrak eman dizkie Jai Aliveri eta Hondarribiko Pilota Eskolari “bakoitzak bere esparruan egin duen lanagatik eta elkarren arteko koordinazioarengatik”. Hondarribiko harrobiari erreparatuz, aurten, Julen Basterra hondarribiarra aritu da lehian. Hori, “oso albiste ona” da zinegotziaren ustez eta “poz berezi bat ematen du horrek”.
Hortaz gain, Silanes, udaletik zesta puntarekiko egiten ari diren apustuaz mintzatu da, eta ahaleginak “egokiak” izan direla iritzi du, eta beraz, ildo beretik jarraituko dutela ziurtatu du.