[Argazki galeria] Kateako aste kulturala, bizi-bizi
Larunbat eta igandea izan ziren egun potoloenak eta egitaraua oraindik ez da amaitu. Sorpresa polita ere bizi izan zuten.
Landetxa Auzo Elkarteak urriaren 2an Katea auzoko aste kulturalari ekin zion eta hilaren 13era are iraungo du. Adin guztientzako izatea eta interes guztiak bete ahal izatea aintzat hartuz osatu dute egitaraua.
Larunbata izan zen egun potoloena. Iratzargailu izan ziren Irungo udal txistulariak eta bizilagunak ernatu zirenean, pilotalekuko merkatura joateko deiari erantzun zioten. Bertan, jostailuak edota Pilar Gilen margolanak topa zitezkeen, besteak beste. Era berean, auzoko elkarte desberdinek pintxoak kozinatu zituzten eta jateko eta edateko parada ederra sortu zen.
Jarraian, Landetxa Kirol Elkartea omendu zuten. Javier San Martini txapel handia jarri zioten, bera izan baitzen elkarteko lehen presidentea. Urtero omentzen dute auzoan eragiten dabilen elkarte bat, “auzoko bizilagunekin harreman zuzena” egiteko probestu egiten dute eskertze hau, auzo elkartearen arabera.
Geldialdia egin zen bazkaltzeko, eta indarberrituta, Gazte Landetxaren eskutik 17:00etan master txef tailerra egin zuten. Urtero Kateako jaietan antolatzen zuten tailer hau, baina oraingoan aste kulturalean sartzea erabaki dute. Bob belakia marrazki bizidunaren itxurako plater bat prestatu zuten, besteak beste. Argazkian ikus bezala, 7 eta 15 urte bitarteko haur eta nerabeek erantzun zioten jarduerari.
Eguna amaitzeko, aurten eraberritu den Bar Nuevoren parean kontzertua eskaini zuten Rockin Velvet oreretarrek.
Aste kulturala
Joan den astean ere egunero eutsi diote programazioari. Asteartean, esaterako, ibilaldi neurtua egin zuten eta hogei bat pertsonak egin zioten jaramon jarduerari. Auzo Elkartetik abiatu ziren eta Kateari bira eman zioten.
Sukaldaritza ikastaroak egin dituzte astean zehar. Lehen txanda, asteartean, Larrea hurbileko elikadurarena izan zen; bigarrena, Juanita jatetxearena asteazkenean; eta azkena ostegunean Arroka Berriko sukaldarien eskutik. Denak ala denak Hegazti elkartean izan ziren. Saio bakoitzean bizpahiru plater prestatu zituzten eta jatetxeren batek afari bat zozkatu zutela ere azaldu du auzo elkarteak.
Irakurketa taldearen eskaria jasoa zuen auzo elkarteak eta auzotar batek hori sortzeko asmoa adierazi zuenez, martxan jarri dute irakurketa taldea. “Urte osoan zehar funtzionatuko du”, dio auzo elkarteak. Informazio gehiagorako, auzo elkartera gertura daiteke.
Egitarauan garrantzi handia zuen ekimena Gerra eta gerra ondorengoa gure auzoan (1936-1940) izan zen. Elatzeta kultur elkarteak antolatu zuen, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkartearekin elkarlanean. Koldo Salinas historialariak eta Peli Lekuona kazetariak eskaini zuten solasaldia.
Bestalde, auzotik bisita gidatua egin zuten autobusean igandean ere. Auzoko boluntario batek gidatu zuen.
Sorpresa polit bat ere izan zuten auzoan. 2009an guraso elkarteak, jostunak, margolariak, eskolak eta oro har auzotarrek bost erraldoi sortu zituzten, baina gordeta zeuden. Igandean, gaztetxo talde batek erabili nahi zituela eskatu zuen eta pilotalekuan bueltaka aritu ziren. Auzo elkarteak ilusioz kontatu du gertakaria.
Bihar berriz erritmoa hartuko du aste kulturalak, beste bi egun geratzen zaizkio-eta. Ostegunean, 19:00etan, Kutsadura elektromagnetikorik badago? hitzaldia eskainiko du Asier Arregi agronomia ingeniariak eskola zaharrean. Auzoan dauden antenek osasunean ea nola eragiten duten izango dute hizpide, zer eta nola eragiten duen alegia. Auzo plana berriz idatzi behar dute eta horri begira pentsatu dutela hizketaldia esan du auzo elkarteak.