Bueltan da '18zm' lehiaketa eta erakusketa
'Igarotzea' lelopean, aurtengoa egitasmoaren V. ekitaldia izango da. Obrak hilaren 18tik 30era aurkeztu behar dira, eta onenak sarituko dituzte.
Bueltan da ’18zm’ lehiaketa eta erakusketa, eta gaur goizean aurkeztu dute Juncal Eizagirre Kultura ordezkariak eta Ricardo Catalan eta Ana Zubikoa antolatzaileek. Honakoa izango da egitasmoaren V. ekitaldia, 2018an abiatu baitzen arterako agertoki berriak irekitzeko helburuarekin. ‘Igarotzea’ lelopean, aurtengo ediziorako obrak hilaren 18tik 30era aurkeztu ahal izango dira, eta onenak sarituko dituzte.
Egitasmoan parte hartzeko bi baldintza ezarri dituzte antolatzaileek: obrek muga jakin batzuk errespetatzea eta gai bati buruzkoa izatea. Hori dela eta, egitasmoaren izenak dioen moduan, aurkeztutako obra guztiak 18 zentimetrokoak izango dira gehienez.
Pintura, serigrafia, grabatu edo argazkien kasuan, obrek 18zm luze eta zabalekoak izango dira gehienez, eta erakusketarako, euskarri zurrun batean aurkeztu beharko dira, markorik gabe. Eskulturei dagokionez, obrek ezingo dituzte 18zm horiek gainditu ezein dimentsiotan, sakonera ere kontuan hartuta. Ikus-entzunezko sorkuntzei erreparatuz, 18 segundokoak edo minutu bat eta 18 segundokoak izango dira. Lan horiek MP4 formatuan aurkeztuko dira posta elektronikoz amaia.kz@irun.org helbidera idatzita, fitxategiak partekatzeko plataforma bat edo esteka bat erabilita.
Teknikari dagokionez, librea izango da, baina obra guztiak proposatutako gaian inspiratu beharko dira: ‘Igarotzea’.
Bi kategoria
Egitasmoa bi kategorien baitan dago banatua: banakako obrak eta seriek. Parte hartzaileek bi mailetako bat aukeratu beharko dute parte hartzeko, ezingo dira bietara aurkeztu. Banakako obren kategoria hautatzen dutenek artelan bakarra aurkeztu behar dute. Serieen mailakoek, berriz, gutxienez bi eta gehienez hiru obra aurkeztuko dituzte.
Obra eta sorkuntza lan guztiak Amaia KZn entregatu beharko dira hilaren 18tik 30era, asteartetik larunbatera 18:00etatik 21:00etara eta igande eta jaiegunetan 11:30etik 13:30era. Artelanekin batera, izena emateko orria entregatu beharko da, eta izen-emate orriarekin batera, parte hartzaileek euren obraren azalpen txiki bat ere aurkez dezakete nahi izanez gero. Soilik adin nagusikoek har dezakete parte, eta obrak postaz bidaltzen badira, Amaia KZra azaroaren 2ko 21:00ak baino lehen bidali behar dira.
Horrez gain, aurkeztutako obra guztien arteko aukeraketa bat egingo du antolakuntza batzordeak erakusketa bat osatzeko. Erakusketa hori Colon pasealekuko Laboral Kutxaren aretoan egongo da ikusgai azaroaren 15etik abenduaren 4ra. Informazio gehiagorako, interesdunek HAZera edo Irungo Udaleko Kultura eta Kirol arlora jo dezakete. Udaleko hautua egiten badute, cultura@irun.org helbidera idatzi edo 943 50 54 07 telefonora deitu beharko dute.
Sariak
Maila artistiko bakoitzeko sari bat egongo da. Hona hemen sariak:
Bananako obrak:
- Margolan onenaren saria: 300 euro.
- Argazki onenaren saria: 300 euro.
- Eskultura onenaren saria: 300 euro.
- Ikus-entzunezko obra onenaren saria: 300 euro.
Serieak:
- Serie onenaren saria: 300 euro.
Saritutako obra guztien arteko onenari ’18zm’ sari handia ere emango zaio:
- ’18zm’ sari handia: 150 euro.