Euskara bermatuta Solas Jolaseko gurasoen artean
Udako udal jardueren balantzea egin du Euskara Arloak eta azpimarra jarri du gurasoekin egindako informazio bilera euskara hutsean egin izana. Halaber, balorazio "oso ona" egin dute udako programena eta 2023era begira lanean jarri dira.
Udako jardueren balantzea egin du Euskara arloa osatzen duten Miren Etxebeste ordezkariak, Josebe Araña Euskarako teknikariak eta Itsaso Bakedano Hezten enpresako arduradunak.
Murrizketak protagonista izan diren bi udara “zail” pasa dituztela gogoratzen hasi dute agerraldia, baina azpimarra jarri dute “benetako plazera” izan dela Solas Jolas udalekuak eta Udagiroko tailerrak normaltasunez eskaini ahal izatea. Gainera, gurasoen erantzunari erreparatu diote ere eta “tokiak bete” egin direla adierazi du Etxebestek. “Txangoez gozatu dute, gure lurraldeko beste leku batzuk erakutsi zaizkie Irungo haurrei, eta, arloan, sentitu dugu oso harrera bikaina izan dela”.
Udalekuak hasi aurretik informazio bilera bat egin zuten gurasoentzat eta euskara hutsean egin zela azaldu du udal ordezkariak. Itzulpen zerbitzua eskura jarri zutela baina gehienek ez zutela zerbitzua behar izan berretsi du zinegotziak. Bestalde, “emaitza ona” atera dela Hezten taldea eta udalaren arteko elkarlanetik adierazi dute. “Euskara Arloak eskerrak eman nahi dizkie Hezten-eko (lehen Urtxintxa) zuzendari, koordinatzaile eta monitore guztiei”.
Jarduerei arreta jarrita, pandemia aurreko erritmoa berreskuratu dute. Txanda bakoitzekoek hainbat irteera egin dituztela baieztatu dute eta horien balorazio “oso ona” egin dute. Aurreratu dute dagoeneko 2023ko Solas Jolas prestatzen ari direla, “Irungo haurrei ahalik eta udaleku onenak eskaintzeko”.
Hurrengo urteko edizioko eskaintza “zabaldu” egingo dutela baieztatu du Etxebestek eta horretarako inkesta bat egingo dutela: “Behar bereziak dituzten haurrentzako ere prestatuko dugu, eta inkesta bat ere egin dugu, jangela- edo haurtzaindegi-zerbitzu batek, haurrek janaria etxetik eramanda, nolako harrera izango lukeen jakiteko”. Inkesta prestatu zutenean akats txiki bat zegoela aitortu dute, baina jada konponduta dagoela.
Udagiro eta errefortzu-ikastaroak
Udagiro eta euskarako errefortzu-eskolak izan ziren udako beste bi proiektu nagusiak. Alde batetik, Udagiro beste herrialde edo erkidego batzuetatik heldu diren eta hirira berriki iritsi diren gazteei zuzendutakoa da, eta euskararen erabilera sustatzea du xede, “jarduera ludiko eta dibertigarrien bidez”.
Programa hau 2007az geroztik egiten da eta Irungo ikastetxeen laguntza behar izan dute. Udaran jarraipena eman nahi diotela azaldu dute, “horrela ikasle horiek euskara gehiago erabili eta jarrera hobe dezaten”. Egitasmoa 5. eta 6. mailako eta Bigarren Hezkuntzako maila guztietako ikasleek parte hartzen dute.
Euskarako errefortzu eskolaren programari buruz ere mintzatu dira. Hirugarren urtea bete du planak eta 2020an ikastetxeetako eskola presentzialak eten ziren, eta aurten, hamar talde osatu dituzte: ” Hiru uztaileko eta abuztuko lehen hamabostaldian, beste hiru uztaileko bigarren hamabostaldian eta talde bakarra abuztuaren bigarrenean”.