[Elkarrizketa] "Gizartean sortzen ari den arrakalari aurre egiteko aldundiak zeresan handia dauka"
Ahal Duguren Gipuzkoako ahaldungai nagusi izateko aurkeztu da Miren Etxebeste politikari irundarra.
Bi legealdi egingo dituzu Irungo Udalean eta bigarrenean, gainera, udal gobernu kide izan zara Berdintasun eta Euskara zinegotzia izanik. Zein zaporerekin utziko duzu etxeko politika?
Pena pixka batekin. Alde batetik, harro sentitzen naiz batez ere azken legealdi honetan berdintasunean lortu ditugun pausuengatik, adibide gisa jarriko dut Emakumeen Etxea. Udal gobernuaren baitan lortu ditugun akordio zabalengatik ere harro. Irakatsi dugu beste modu batean egin daitekeela politika eta arrabolarenak ez duela merezi, ari direlako aberasten.
Halaber, hiri proiektua hanka motz geratzen da eta gehiketa txikiekin bada ere, eta indar politiko gehiago sartzen baldin badira edozein proiektutan, aberatsagoa da, ahots gehiago jasotzen dira eta adostasuna askoz ere sendoagoa da. Hori irakatsi dugula uste dut eta espero dut horrela jarraitzea.
Politikoki adostasun zabalena lortu dugulako harro nago ere, dinamika hori jarri dugu martxan eta hori berria da. Hiri proiektu bat diseinatzen ari garelako ere ideologikoki zabala dena eta ingurumenarekin eta pertsonekin atsegina dena. Bestalde, prozesu parte hartzailearen dinamika ezarri dugu, zabalagoa, ez hain itxia.
Euskarari dagokionez jende asko harritu egiten da hainbat gauza ezarri ditugulako. Nik banekien Irunen ulermen maila oso altua zela, hori estatistika guztiek diote, orduan proban jarri dugu hori. Esaterako, Solas Jolaseko gurasoentzako bilera bat euskara hutsean egin dugu eta inor ez zen kexu. Itzulpen zerbitzua zegoen baina oso gutxik erabili zuten. Pena ematen dit uztea hainbeste aldaketa egin eta gero, jakinda orain ikusiko direlako lan horren emaitzak eta ez naizela hemen egongo, baina bai gertu.
Udal politika eta Gipuzkoan politika egitea ez da berdina. Erraza izan al da aldundira aurkezteko pausua ematea?
Erraza ez da inoiz, behintzat niretzat. Jendeak proposatzen dizunean ‘lidergoa markatzen ikusten zaitut aldundian, Irunen bezala’ hasten zara horretan pentsatzen eta bertigoa sentitzen duzu.
Nik beti hartzen dut konpromisotik eta konpromiso handia da. Irunen gauza asko egin daitezke baina, era berean, hainbeste gauza erabaki daitezke aldundian gero oihartzuna daukatenak hemen eta herri guztietan… Herrialdeko mugikortasuna, ekonomia, landa eremuaren kudeaketa, baserritarren baldintzak, zaharren egoitzak….
Irunen eskumena izan dugun zaharren egoitzetan saiatu gara kontratuak hobetzen, dinamizazioak hobetzen baina hor badaude beste gauza asko ezin garela sartu aldundiaren eskuetan dagoelako. Orduan, ikusten dut beste modu batean kudeatu behar direla gizarte zerbitzuak. Ea Irunen inpresio ona utzi dezakedan eta ea aldundian ere bai.
Beraz, esan daiteke zure erronkak aldundian gizarte zerbitzuetatik joango direla? Edo ez da hain zehatza?
Ez da hain zehatza. Ikuspegi desberdin bat txertatu nahi diet gai horiei. Feministagoa, jasangarriagoa, ekologistagoa dena. Baita ekonomia sozialean oinarrituta dagoela ere, zeren eta Euskadin horren kultura badaukagu eta desagertzen hasi da. Euskadiren oinarrietan dagoena da kooperatibismoa, ekonomia soziala, elkarte laboralak… eta hori galtzen hasi da eta gero eta enpresa handiagoak daude, gero eta nazioartekotze helburua daukaten enpresa gehiago, eta ari gara galtzen gure lurraldearen kontrola. Nik uste dut zeresan handia dugula gauza horietan instituzioetan gaudenok eta buelta eman behar zaiola.
Ikusten dugu ere nola ari diren sortzen bi Gipuzkoa: bata, oso turistikoa, turismo harrapakariari men egiten diona, eta bestea, horri zerbitzua ematen dion gizarte guztiarena. Ezin gara bizi turistentzat antolatutako esparru horietan, oso idilikoak direnak baina azkenean morroi bilakatzen garenak gu gara. Hori horrela, klase xumeagoak kanpoaldean bizi dira eta bi abiadurako gizartea dago, gero eta sendoago dagoena, marra gero eta gehiago marraztu daitekeena. Gizartean sortzen ari den arrakalari aurre egiteko aldundiak zeresan handia dauka. Azken batean, fiskalitatea berak ezartzen du eta horrek asko zehazten du bakoitzak zenbat ematen duen guztion ongizateari.
Zeintzuk dira landu nahi dituzun proiektu zehatzak?
Oraintxe bertan programa zehazteko fasean gaude eta horretarako taldea eratzen ari gara. Ez daukagu proiektu zehatzik oraindik jasota, nahiz eta buruan asko dauzkadan. Oinarrizkoena da trantsizio ekologikoa egin behar dugula, eskuz esku gure baserritarrekin. Mendien kudeaketan ere hausnarketa egin behar da zein zuhaitz nahi ditugun etab. Errepideen erabilera ere bai eta marrazturak ikusi behar dira, askotan interes ekonomikoetan oinarritzen direlako eta ez hainbeste herrien benetako mugikortasunean. Era berean, autobusen ordutegiak ez daude pentsatuta gizartearen beharretara eta horri buelta eman behar zaio, garraio publikoak kohesioa garatzen laguntzen duelako.