"LGTBIQ+ gaia hezkuntzan lantzeko kalitate falta sumatu dute"
Gazteartean beka irabazi zuten Lamiaren Oihuak ikerketa taldeko Uxue Diez-Guiral eta Maite Azabalek. Irungo LGTBIQ+ gazteen errealitatea izan dute aztergai otsailetik. Emaitzen berri eman dute
Zuen ikerketak zuzenean galdera bat planteatzen du: LGTBIQ+ gazteak Irunen: ba al dakigu zer dagoen?. Gazteek zein irakurketa dute haien eskubide horien bermeei buruz?
UXUE DIEZ-GUIRAL: Irakurketa bat badute, baina esango nuke eremu batzuetan pixka bat azalekoa dela. Logikoa da. Azken finean osasun arloan ez dute hainbeste pentsatzen, baina beste arlo batzuetako irakurketa oso sakona da, hezkuntza arlokoa batez ere. Kontua da, nork egiten du hausnarketa? Nork daki zerbait Irungo LGTBIQ+ kolektiboaz? Normalean LGTB gazteak dira dakitenak. Beste gazte askok badakite zer dagoen, baina orokortu egiten dute.
MAITE AZABAL: LGTB bezala identifikatzen diren gazteek eta ez direnek hausnarketa oso desberdina egiten dute. Eztabaida taldean, adibidez, bageneukan parte hartzaile bat ez dena LGTB, eta bera harritu egiten zen besteek esaten zutenarekin, hau da, badaki Irunen oraindik lana dagoela egiteko baina kasu konkretuetan, esaterako, ‘ez daukagu non topatu’ esaterakoan gazte hori harritu egiten zen. Gure asmoa izan da bi pertzepzioak nola batu ikustea: zergatik dago hainbesteko aldea? Gazte hau konturatu zen berak kolektiboarekiko zuen pertzepzioa ez zela erreala. Kolektiboaren eskubideen aldeko ekintzak puntualak eta sinbolikoak direla ondorioztatu zuen, eta estereotipatuak zirela.
Antza, LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideez ez da hasi hitz egiten, kolektiboak berak lehen urratsa eman arte.
U.D: Interes minimo bat egon denean egin da, baina LGTBI kolektibotik etorritakoa. Hortik tira egin den arte gai honetan, beharbada, ez da sakondu.
M.A: Beti gara berdinak gai hauetaz hitz egiten ari garenak, unibertsitateko talde lanetan, lanean, Uxueren [Diez-Guiral] doktoretza tesian… ‘Maite, zuk asko dakizu gai honetaz, hitz egin ezazu’ esaten didate, eta guk nahi duguna da denek hitz egitea, nik esan behar dudana dagoeneko badakizulako. Gure kolektiboaren ahotsa izan nahi dugu, baina ez beti.
U.D: Kontu handiz esan behar da, baina beti gara pertsona berberak eta saretzea falta zaigula sumatzen dut. Ikerketa honetan ikasi dut espazio horiek ireki egin behar direla. Ikusten baduzu kolektiboko jendeak badakiela zein gaizki pasatzen ari den, baina besteek hori ez badakite, desfase bat dagoela iruditzen zait. Bi errealitate oso desberdin dira.
Ikerketaren hasieran Irun hiri inklusiboa dirudiela diozue, baina oraindik diskriminazio egoerak gertatzen direla. Baieztapen hori ikertzeko zein metodologia erabili duzue?
M.A: Ikerketan metodologia mistoa erabili dugu, kuantitatiboa eta kualitatiboa. Gure asmoa zen bi emaitza sortak uztartzea, eta ikustea zertan diren berdinak emaitzak eta zertan ezberdinak. Biak ikusi ditugu.
U.D: Tendentzia bat ikus dezakezu ateratako zenbakiekin, baina horretan sakontzeko eta esateko Irun udalerri inklusiboa den ala ez, beste ahots batzuk behar dituzu, eta mahai-inguruetatik hori hartu dugu. Hausnartzen egon gara denbora guztian instrumentu horiek erabiltzean.
Hausnartzen egon zarete bide guztian zehar, beraz. Zein izan da hasierako uste batetik, eta bukaeran aldatu egin dena planteamenduan?
M.A: Hasieran teorikoki bagenekien gauza bat dela diskriminazio eza, eta bestea integrazioa. Buruan guk hori izanda ere, gero eztabaida taldean gai hori atera zuten eta ideia nagusia izan zen.
U.D: Integrazioa ez da diskriminazio eza eta guretzat ebidentea da, baina horra eraman gintuen. Emaitzak idazterakoan horri eman genion garrantzia, gazteek ere eman ziotelako. Hastapenetan uste nuen aterako genuen guztia ezkorra izango zela, eta ez da horrela izan. Negatibismo batetik ateratako ideiak ikusi ditugu, baina gauza positiboak ere ikusteko ahalmen hori garatu dut. Pertsona batzuen kasuan ikusi nuen lagunartean babes burbuila bat zutela, esaterako, eta hori guai iruditu zitzaidan.
M.A: Eztabaida taldean sexilioaz hitz egiten hasi ziren. Eztabaida taldeko bik esan zuten Irundik atera nahi zutela, eta batzuk dagoeneko atera zirela, dibertsitate faltagatik. Baina baziren kolektiboko beste bi kontrakoa esaten zutenak, hau da, oso gustura zeudela hemen. Zerbait falta denaren kontziente zirela, baina ez zutela Irundik joan nahi, lagunengatik esaterako. Hori positiboa izan da.
Hezkuntzan beste espazioetan baino inklusio gutxiago dago, zuek jasotako emaitzen arabera. Zein faktore izan dituzue aintzat interpretazio hori egiteko?
U.D: Irainak jaso dituztela pasilloetan, irakasleek babesa ematen dieten ala ez, testu liburuetan errepresentaziorik dagoen… Kirola ere oso presente izan dugu, uste dugulako izan daitekeela espazio bortitz bat batez ere trans pertsonentzat. Horrekin neurtu dugu.
M.A: Ikerketako parte hartzaileek uste dute hezkuntza arloa dela dibertsitateaz hitz egiteko toki inportantea, baina ez dute aurkitu babes hori irakasleen formakuntza aldetik. Galdetzeko asko falta dela diote, ez baitute erantzunik jaso oraindik, 2022an. Aldiz, aisialdi eta kulturan inklusioari puntuazio altuagoa eman zioten. Kaleko errepresentazioa egokiagoa zen haientzat eskolakoa baino. Horregatik egin dugu interpretazio hori.
U.D: Gaiaren lanketa oso puntuala dela esan zuten aldi berean, eta urtean behinekoa. Neska batek galdera konkretu bat egin zuela kontatu zuten, errealitate lesbikoari buruz, eta irakasleak ez zuela erantzuten jakin. LGTBIQ+ gaia hezkuntzan lantzeko kalitatean gabezia sumatu dute.
Momenturen batean LGTBIQ+ siglak desglosatu dituzue?
M.A: Saiatu gara, baina zenbakiak falta zitzaizkigun. Gure laginean pertsona bisexual asko zeuden, gay eta lesbiana gutxi, eta trans gutxiago.