Sen familiarra, herrikoia eta rockeroa duen jaialdia
Biharko egunez lurrartuko du Hondarribian rockaren munduan bete-betean murgiltzen den Fenomena Festibalaren zazpigarren ekitaldiak. Bi eremutan banatuko dituzte jarduerak.
Proiektu berritzaile gisa jaio eta urtetik urtera sendotzen diharduen festibala da Fenomena. Urte hasieran bi eguneko jaialdia izateko saiakera egin bazen ere, egun bakarrera mugatuko da beste urte batez. Biharkoa da eguna.
Festibalak bi eremu izango ditu: kirol kaiko eremua eta hondartzako aparkalekua. Goizean, kirol kaian, pintxada batekin hasiko dute festibala. Joseba Irazoki arituko da DJ lanetan. Ondoren, 17:30ean hasiko dira kontzertuak, hondartzako eremuan. Oso eskaintza oparoa egongo da aurten. Espainiako Estatuko hainbat taldek jarriko dute musika. «Lehen estatutik kanpoko taldeak ere etortzen ziren, baina pandemiarekin hori izorratu da», aipatu du, penaz, Fenomena elkarteko kide den Iñaki Vazquezek.
Urtero bezala rockaren mugimendu ezberdinak entzuteko aukera egongo da, besteak beste, rockabilly, indie-rock edo punk melodikoa estiloek hartuko dute arratsaldeko protagonismoa Sr Chinarro, La URSS, eta Tiburona taldeekin. Eguzkia sartzerakoan, La Perra Blanco eta Mohama Saz taldeek dantza giro aproposa sortuko dute. Aparkalekuan ezarriko duten karpan 17:00etan zabalduko dute barra eta 18:00ak bitarte edariak prezio erdian izango dira. Eremu horretan, gainera, picnic zonalde bat ezarriko dute, kirol kaiko tabernetan erositako janaria bertan gozatu ahal izateko.
Karpan bertan bi stand ezarriko dituzte. Batean Fenomena Kultur Elkarteko kideak arituko dira haien materiala saltzen. Alboan Psilocyberen stand-a egongo da, eta Mishiko Fesen aurkezpena egingo dute.
Denentzat
Izaera familiar eta herrikoia duen festibala da. Zati handi bat egunez egiten da, familiek gozatzeko aukera izan dezaten. Bestalde, urtero bezala, herriko eragileen laguntza jaso dutela azaldu du Vazquezek. Tabernen, enpresa txikien, edota autonomoen laguntza esaterako. Egunean bertan ere laguntzaile dezente izango dituzte, backstage-an laguntzeaz, edo taldeentzako bazkaria emateaz arduratuko direnak, besteak beste. «Umore onez eta gogo handiz laguntzen digu jendeak, eta nire ustez, horrek egiten du festibala berezi».