EH Bildu, "kezkati" Zaldunborda II-ren egoerarekin
Irailean Zaldunborda II-ko proiektuak argi berdea ikusi zuen, eta onarpen horren inguruko hausnarketa egin du Irungo koalizio abertzaleak.
Irailean Zaldunborda II izeneko lursailaren garapen industriala onartu zuten. Proiektu horren hurrengo urratsa Irun eta Hondarribiko Udalen arteko “bateragarri egiteko plana onartzea” izango dela baietsi du Irungo EH Bilduk, eta ondoren eremu horretan “zer jarduera ekonomiko mota” kokatuko den erabakiko da.
Osoko Bilkura horretan, hirigintzako ordezkariak jakinarazi zien Irungo Oarso-Industrialdeak programa bat egin duela “gaur egun erabiltzen ez diren jarduera ekonomikoetarako lurzoruak eta enpesen egungo beharretara egokitzen ez diren pabiloiak leheneratzeko”. EH Bilduren ustetan, bide hori, “zalantzarik gabe aztertu behar da”: “Erabiltzen ez den lurzoruaren berrerabilera da gure hirian hazten jarraitzeko eta jarduera ekonomiko eta industrialetako enpresak gehitzeko biderik egokiena, dagoen eskaerari erantzuteko”.
Hori da, hain zuzen, Osoko Bilkuran adierazi zutena, eta berriro azpimarratu dute “zalantzarik gabe garatzeko eremu egokiagoak” daudela. Outletaren mega-proiektua ere ez dute alde batera utzi izan nahi, koalizioko kideek esan baitute ez dela “behin-betiko baztertu”: “Erne egon behar dugu Jaizkibelen magaleko edozein erasori ateak ixteko, zalantzarik gabe balio ekologiko eta ingurumeneko handia baitute”. Horregatik, “lurzati hori berreskuratzearen aldeko apustua” egiten dutela zehaztu dute EH Bildutik, eta eskatzen dute “azter dadila lur horiek jasan duten kutsadura maila, ezagunak baitira mugimenduak eta aurreko urteetan egindako hondakin isurketak”.
Osoko Bilkuran gainontzeko taldeek azaldu zuten jarrerarekin “kezkati” dira EH Bildun, kontuan hartu behar baita aurreko legealdian “aho batez” adostu zutela eremu horren “balio ekologikoa”. Aurreko legealdian testu bat onartu zen, zeinak zioen Jaizkibelen magalean jarduteak “kalte larria eragingo liokeela eremu horretako ingurune ekologikoari eta merkataritzari”.
Hortaz, EH Bilduk uste du, eremuaren garapen industriala babestea eskualdearentzat “ez dela albiste ona”: “Irungo EH Bilduk ingurunearekin jasangarria eta atsegina izango den garapen ekonomiko eta industrial baten alde lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du”.