Mendelu auzoko arazoak mahaigaineratu dituzte
Mendelu auzoan egituraz konplexuak diren arazoak daudela onartu du EAJko Uri Buru Batzarrak. Horri aurre egiteko hainbat konpromiso hartu dituzte.
Astelehen honetan bildu ziren Mendelu Zaharra auzo elkartea eta EAJko Uri Buru Batzarra. Auzo elkarteak auzoan dituzten egiturazko arazoak atzeman eta horien inguruan eztabaidatzeko galdegin zien. Jeltzaleek positiboki baloratu dute bilera.
Mendelu auzoan egiturazko arazo konplexu bat existitzen dela onartu zuten jeltzaleek. Hein batean, auzoaren kokagunearengatik. Irun Hondarribiarekin lotzen duen errepideak auzoa bitan erdibitzen du, zirkulazio dentsitate handiko saihesbide batetik gertu dago eta aireportutik gertu egoteak ere beste mota bateko ziurgabetasunak sorrarazi ditu, hala nola, AENAren plan estrategikoak eta hainbatetan egin diren pista zabaltzeko proposamenak.
Horiez gain, puntu positiboak ere identifikatu zituzten. Parke Ekologikotik hurbil dagoen auzoa da, Txingudiko enklabea berreskuratzeko puntu garrantzitsua dela ondorioztatu zuten. Horrek aldi berean auzokideen “bizi kalitatea hobetzen” lagun dezakeela ikusi zuten.
Kontextu horretan, identifikatutako arazo guzti horiei erantzun bat emateko, jeltzaleek, eragile askoren parte hartzea eskatzen duela azaldu zuten, eta ez udalarena soilik. UBBk bere aldetik, auzoarekin lankidetza orri bat eratzeko eta erakunde bakoitzak egin dezakeena kontrastatzeko konpromisoa hartu zuen. Gainera, Eguzki Kultur elkarteari bilera eskatu diote, auzoari buruzko kezken eta interesen hausnarketa egiteko. Azkenik, Hondarribiko auzo ezberdinekin biltzeko intentzioa dutela jakinarazi dute lanketa berbera egiteko.