Dena prest Hondarribia Grand Slameko final handirako
Erkiaga-Irastorza eta Barandika-Lopez bikoteek jokatuko dute finala. Irastorzak Hego Euskal Herrian jokatuko duen azken partida izango da.
Joan den larunbatean finalerdiak jokatu ziren Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan. 500 zaletu hurbildu ziren neurketaz gozatzera. Oso partida parekatua izan zen eta maila handia erakutsi zuten bikote guztiek. Puntu bakoitza azkena balitz bezala borrokatu zuten.
Erkiaga-Irastorza eta Goikoetxea-Zabalaren aurkako partida jokatu zen lehena. 13-15 eta 13-15 amaitu zen, Erkiaga-Irastorzaren alde. Ondoren aritu ziren Barandika-Lopez Beaskoetxea-Lekerikaren aurka. Barandika-Lopez bikoteak irabazi zuten: 15-8 eta 15-9. Beraz, Erkiaga-Irastorzak, Barandika-Lopezen aurka jokatuko dute final handia.
Larunbateko finalaren atarian Barandika eta Lopez gogotsu daude, “une on batean gaude, prest sentitzen gara” azaldu du Lopezek. Irastorzaren aburuz partida gogorra izango da baina biak ala biak konfiantza dute, “final batean edozer gerta daiteke”.
Piloten aukeraketa
Asteartean, final handirako pilotak aukeratu zituzten bikoteek. Bikote bakoitzak hiru pilota aukeratu behar zituen, baina enpresaren eta materialaren aukeraketaren arduradun den Josi Lertxundiren oniritziaren ondoren, zazpi aukeratu zituzten. Hau da, bikote bakoitzak hiru aukeratu eta Lertxundik beste bat bereizi zuen.
Irastorzaren azken partida Hego Euskal Herrian
Larunbat honetako partida izango da Eric Irastorzak Hego Euskal Herrian jokatuko duen azkena. 46 urterekin Biarritzen jokatuko den mundialaren ondoren hartuko du erretreta. “Ilusio handia egiten dit nire hegoaldeko azken partida modu honetan amaitzeak”. Haren bikotekide den Aritz Erkiagari poz berezia eragiten dio egun berezi horretan Irastorzarekin batera aritzeak, “ilusio handia egiten dit berarekin finala jokatzea. Berarekin txapela eskuratzea itzela izango litzateke”.