Aiako Harriko lau partzela erosiko ditu udalak, habitata babesteko
Gurbiz SL 214.724m2-ko partzelen jabe da eta bertako zuhaitzak arras mozketarekin kendu nahi zituen. Udalak bankaketa eginez mantendu nahi du ingurunea.
Aiako Harrian dituen lau partzela erosiko dizkio Irungo Udalak Gurbiz SL enpresari, 211.408 eurotan. Erlaitz eta Pagogaina inguruetan daude 52.224m2; 61.100m2; 43.800m2; eta 57.600m2-ko partzelak.
Enpresaren asmoa bertako zuhaitzak arras mozketa eginez ustiatzea zen, baina udaleko Hirigintza saileko ingurumen arloak zehaztu duenez, horrela baso estalkia desagertuko litzateke. “Zuhaitzez beteta daude partzelak baina ez dira autoktonoak, beste landaketa batzuetatik eratorritako basoak dira izatez”, azaldu du udalak.
Mozketa jardueraren berri Gipuzkoako Foru Aldundiak eman zion udalari, Gurbiz SL-k lan horiek egiteko baimena eskatu zuenean. Babestutako parkea denez, lur horiek erosteko lehentasuna udalak dauka baina erakunde honek ez balu erosi nahi, beste enpresa batek eros dezake.
Beraz, partzela horiek erostea erabaki du udalak eta “interes publiko eta sozialeko” helburuetarako erabili nahi dituzte, “hala nola paisaia babesteko, habitatak lehengoratu eta espezieak kontserbatzeko, arroetako goi ibarrak alde hidrologikotik babesteko eta paseatzeko lekuak izateko”.
Udalak gutxika bertako basoen berreskurapenean konpromisoa duela berretsi du. Ildo horretan, arras mozketa baino bankaketak egitearen aldeko apustua egin nahi dute, hau da, haien aburuz zuhaitzak zutik hiltzea hobe da habitata babesteko, ingurua deuseztatzea baino.