Udalaren egutegirako argazkiak hilaren 30era arte bidal daitezke
'Lau urtaroak Irunen' izenburupean, irundarrek eginiko hamahiru argazki hautatuko dira egutegia osatzeko. Argazkiak udalaren webgunearen bidez aurkeztu behar dira.

‘Lau urtaroak Irunen’ izenburupean, herritarrek bidalitako argazki asko jaso ditu Irungo Udalak 2023ko egutegia osatzeko. Argazkiak bidaltzeko epe hori otsailean ireki zen, eta hilaren 30ean itxiko da. Egitasmo horren helburua da udal egutegia osatzekoan ere herritarren parte hartzea sustatzea. Udal egutegia osatzeko, udalak AFI elkartearen laguntza jasotzen du, eta irundarrek eginiko argazkiak erabiltzen dira.
Udalak dagoeneko ireki du espazio bat bere webgunean irudiek bete behar dituzten ezaugarriak aipatzen dituena, eta argazkiak bidaltzeko formulario bat ere bete daiteke bertan. Bidalitako argazki guztien artetik hamahiru hautatuko dituzte: hilabete bakoitzerako bat eta azalerako beste bat.
Udaletik zehaztu duten moduan, argazkiek originalak izan beharko dute, inongo lehiaketetan saritu gabeak eta inongo hedabide profesionaletan argitaratu gabeak. Horrez gain, Irungo leku jakin bat agertzen edo identifikatzen duten argazkiak onartuko dira.
Beste urtetan egin duten bezala, udalak azaldu du arreta jarri nahi dela irudietan adingabeak ez agertzeko. Adingaberen bat azaltzen bada, egileak gurasoen baimena izan beharko du bere argazkia egutegian argitaratu ahal izateko.
Aurkezten diren argazkiek .jpg luzapena eta formatu horizontala izan beharko dute. 30×20 zentimetroko altuera eta zabalera edo antzekoa izan beharko dute, eta hazbeteko 250-300 puntuko bereizmena izango dute gutxienez, hautatuak badira editatuak izateko kalitate nahikoa izan dezaten.
Argazkiak udalaren webgunearen bidez bidaliko dira udalera. Parte hartzaileen erantzukizuna izango da aurkezten diren lanetan hirugarrenen batek eskubiderik ez izatea eta irudi eskubideak direla eta inolako erreklamaziorik ez aurkeztea. Horrez gain, parte hartzaileek hiru argazki bidali ahalko dituzte gehienez, baina hautaketa egiterakoan, egile bakoitzeko soilik argazki bat aukeratuko da. Egutegia abenduan argitaratuko da, eta 11.000 ale kaleratuko dira guztira.