Garraio publikoa izan du hizpide Santanok Ficoban
Garraio publikoa gehiago erabiltzeko neurrien alde agertu da eta "ondo" iruditzen zaio martxan dagoen prezioen murriztea.
Hasi dira Arau aldaketari eta hiri eraldaketa hizpide izango dituen jardunaldiak Ficoban eta lehen agerraldia Jose Antonio Santano, alkate eta FEMPeko Garraioaren, Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Segurtasunaren Batzordeko lehendakariak egin du.
Irailetik martxan den garraio publikoaren prezioa erdira murriztea “ondo” iruditzen zaiola adierazi du alkateak, baita Espainiako Gobernuak Renferen doako abonuak 2023ra luzatzea erabaki izana ere. Entzule gisa egon da Maria Jose Rallo Espainiako Gobernuko Garraio eta Mugikortasuneko idazkari nagusia.
Santanok adierazpen horiei erantsi die “beste operadore batzuetara” hedatzearen alde dagoela prezioen beherakada. Bestalde, aldundiak %50erainoko deskontua ezartzea erabaki zuela oroitarazi du eta Irungo garraio publikoen erabiltzaileei %20ko deskontua gehitu diela udalak, Espainiako Gobernuak %30eko hobaria eman baitzuen.
Laguntza horiek ematen jarraitu behar dutela uste du Santanok eta hori “alde guztien ardura” dela azaldu du. “Badakigu etxeetan gero eta gehiago kontsumitzen dela; horregatik, inpaktua arintzen lagundu nahi dugu familien poltsikoari laguntzen dion neurri bat hartuta”
Garraio publikoa gehiago erabiltzeko neurria izango litzatekeela uste du alkateak eta klima aldaketaren aurkako borrokan eta hiriaren zaintzan eragingo lukeela.