Haurrak eta musika, azken Girabiraren protagonistak
Bederatzi tailerretan parte hartu ahalko dute haurrek Mendibil parkean igandean egingo den Girabiran.
Txikimusika, Girabira programaren azken saioa egingo dute igande honetan Mendibil parkean, 12:00etan. Parkeez familian disfrutatzeko sortutako egitasmoa da udalarena eta azken emanaldia Txikis del Bidasoak antolatu du.
Eguna Petit pop musika taldeak hasiko du, 12:30ean. Hamar urte baino gehiago darama Gijongo musika taldeak familientzako “kalitatezko musika” sortzen, “familien egunerokotasunari etengabeko erreferentziak eginez”, azaldu du udalak.
Egun zazpi album kaleratu dituzte eta jorratu dituzten gaiak denetarikoak dira: bidai luzeak autoan, eskolaz kanpoko jardueren eromena, aitona amonekin egotea zein zoragarria den edo familien drama wifirik gabe geratzen direnean.
Jarraian piknika egiteko txanda izango da, 13:30ean. Familia bakoitzak bere oihalak zabalduko ditu eta jan eta edan bitartean, Friboti DJ musika jartzen egongo da.
Bazkalostean, 14:30ean, haurrentzako bederatzi tailerrak hasiko dituzte, denak euskaraz. Bi orduz, musikarekin lotutako askotariko tailerren artean hautatu ahal izango dute txikienek. Irekiak dira tailerrak eta beraz ez da aurretik izena eman beharko. “Helburua musikarekin lotutako jarduera desberdinak ezagutzea da”.
Udalak gogoratu nahi izan du haurrak uneoro egon behar direla tutore, heldu edo guraso baten ardura eta zaintza pean. Xehetasun gehiago izateko, jo egitasmoaren orrialdera.