Arabako Lautadara irteera, Oiasso Museoaren eskutik
Hilaren 22an izango da eta zenbait leku bisitatuko dituzte egun osoan zehar. Izen-emateak irekita daude dagoeneko.
Oiasso Museoak egun osoko ibilaldi bat antolatu du Arabako Lautadara hilaren 22an, larunbata. Bertan, Iruña Veleia, Arkaia eta BIBAT Arabako Arkeologia Museoa bisitatuko dituzte, Bordele-Astorga erromatar bidea jarraituz.
Arabako lautadaren erromanizazioa Astorga Bordelerekin lotzen zuen Iter XXXIV Ab Asturica Burdigalam errepidetik jasotako bultzadari esker eman zen. Iter errepide horrek Araba zeharkatzen zuen ekialdetik mendebaldera, zonalde horretako herri garrantzitsuenak lotuz. Bide hori jarraituz, lehenik eta behin, Iruña Veleian egingo dute geldialdia. Gero, Arkaia herria eta Araba osoan hobekien kontserbatutako terma erromatarrak bisitatuko dituzte. Sabelak bete ondoren, Arabako Arkeologia Museoko BIBAT zentrora joango dira eta, besteak beste, Tutankamon faraoi egiptoarraren erakusketa bat ikusiko dute bere hilobiaren aurkikuntzaren mendeurrena dela eta.
Irteerak 60 euroko prezioa izango du, honakoak barne: autobus bidaia, aztarnategietarako sarrerak, pertsonal espezializatuaren bisita gidatuak, bazkaria Benta-Zaharra jatetxean eta bidaia asegurua.
Izen-emateak
Irteerako izen-emateak irekita daude jada, eta telefonoz (943 63 93 53) edo aurrez aurrez Oiasso Museoan egin beharko dira. Lekuak esleitu ondoren, ordainketa esku dirutan, txartel bidez edo banku transferentzia bidez egin, eta izen-emate orria aurkeztu beharko da. Transferentzia bidez egiten dutenek, kontzeptuan euren izena jarri beharko dute. Irteerarako aurreikusi duten taldea 30 pertsonakoa da, eta bidaia bertan behera gera daiteke kopuru horretara iristen ez bada.
Informazio gehiagorako, interesdunek Oiasso Museoaren webgunean edo 943 63 93 53 telefooan aurkituko dute.
Ibilbidea
- 09:00etan: Irteera Irundik, antzinako Viseran.
- 09:30ean: Irteera Donostiatik, Xanti Jatetxean, Anoeta pasealekuan.
- 11:15ean: Iruña Veleiako aztarnategiaren bisita.
- 13:00ean: Arkaiara iritsi eta iturri termalen bisita.
- 14:00etan: Bazkaria Benta-Zaharra jatetxean.
- 16:00etan: BIBAT Arabako Arkeologia Museora bisita.
- 18:00etan: Itzulera.