Etxebizitza publikoen alde lanean jarraituko du EH Bilduk
Etxebizitza hutsen errolda egitea galdegin dute, alokairuen prezioa eta eskaintza neurtzeko.
Alokairuko etxebizitza parke publikoen alde mintzatu da EH Bildu eta “etxebizitza hutsen errolda lehenbailehen egitea” beharrezkoa dela diote horretarako.
Legegintzaldi honetan “ahalegin handia” egin dutela etxebizitza parke publikoen alde gogoratu nahi izan dute eta horren ebidentzia dela sei milioi euro bideratu izana politika publiko horietara.
Baina, ez dutela “konformismoan” erori nahi diote eta horregatik etxebizitza hutsen errolda egitea eskatu dute. “Gaur egungo egoeraren aurrean, inflazioaren eta alokairuaren prezioaren igoera neurrigabearekin, EH Bilduk gure hirian sortzen ari diren behar berriei ausardiaz eta konbentzimenduz erantzuteko eskatzen dio udal gobernuari”.
Koalizioarentzat ez da onargarria gazte eta familia irundarrek, bataz beste, 700 euro ordaindu behar izatea alokairuan bizi ahal izateko, “soldatak murrizten ari diren garaian” hain zuzen ere. Diru kopuru hori gehiengoaren %70a dela deitoratu dute.
Alternatiben beharra nabarmendu dute eta horiengatik borrokatzea merezi dutela bereziki klase herrikoiek eta langileek adierazi dute. Bide horretan, egoera ekonomikoak gauzatutako ondorioak arinduko dituzten akordioetan parte hartzen jarraituko dutela berretsi dute.
“Buru belarri defendatuko ditugu, instituzioetan eta kalean, irundar guztien ongizatea eta duintasuna bermatuko dituen tresna juridiko eta politikoen eraikuntza. Hori da gure konpromisoa”.