EAJk proposamenak egin dizkio PMUSari
Jeltzaleek hainbat proposamen egin dituzte Mugikortasun Jasangarriaren Plana osatzeko. Neurri horien helburua "Irungo beharrei erantzutea, gure hiriko mugikortasuna hobetzea eta pertsonen egunerokoa erraztea" dela azaldu du Iridoy bozeramaileak.
Irungo EAJk hainbat proposamen egin dizkio Mugikortasun Jasangarriaren Planaren (PMUS) atariko dokumentuari. Irungo Udaleko Jasangarritasun Batzordean, Xabier Iridoy jeltzaleen bozeramaileak EAJk aztertu, landu, helarazi eta erregistratu dituen proposamenen berri eman zien batzordeko gainontzeko kideei. Jeltzaleek proposatu dituzten neurriek “Irungo beharrei erantzutea, gure hiriko mugikortasuna hobetzea eta pertsonen egunerokoa erraztea” xede dutela azaldu zuen Iridoyk: “Gure hiriko aukera guztiak aprobetxatu eta bertako pertsonen egunerokoa hobetuko duen dokumentu bat izan behar du”.
Hauek dira Jasangarritasun Batzordean EAJk aurkeztu zituen proposamenak:
- 1. Gain Gainean eta Urdanibia plazaren arteko lotura osatzea, oinezkoentzako pasabide bat eraikiz udaletxearen atzealdean, Larretxipi kaletik zehar.
- 2. Kolon pasealekuan bidegorri bat ezartzea (2021eko irailean erregistratutako proposamena).
- 3. Karga elektrikoko puntuak jartzea hiriko leku estrategikoetan (2021eko irailean erregistratutako proposamena), auzo guztiek karga puntu bat hurbil izan dezaten saiatuz, herritar guztiek sarbide aukera berak izan ditzaten bermatzeko.
- 4. Nafarroa etorbidearen igoeran bidegorri bat ezartzea, eta horretarako Junkal plazatxoan 70 plazako lurpeko aparkaleku bat egokitzea (2022ko uztaila), plaza beraren berrurbanizatzea aurreikusia dagoela aprobetxatuz. Hala, kendu beharko liratekeen TAOko 60 aparkaleku plazak konpentsatuko lirateke.
- 5. Hirian dibertsitate funtzionala, kognitiboa eta sentsoriala duten pertsonei egokitzeko neurriak ezartzea. Urtero asfaltatze kanpainak egin, espaloiak beheratu, arkitektura oztopoak kendu eta jarraitu beharreko jarduketak ere egiten dira; baina, neurri horiez gain, irisgarritasun unibertsalerantz aurrera egiteko neurriak sustatzea ere beharrezkotzat jotzen dute. Hiria pertsona guztien beharretara egokituko duen Irun lortzeko helburuarekin.
- 6. Hiriko hainbat tokitan bizikletentzako aparkaleku publiko, seguru eta estalien sare bat gaitzea, behar duten pertsona guztiek erabil dezaten (2022ko maiatzean erregistratua).
Halaber, Iridoyk adierazi zuen, “dokumentuaren konplexutasuna” dela eta, otsailean erregistratu eta batzordeko kideei orain hilabete batzuk helarazi zietela Via Irun 2030 proposamenaren “alor ezberdinak aztertzen” jarraituko dutela, eta “dokumentua aberastu” dezaketen beste alderdi batzuk ere kontuan hartuko dituztela.