Bidegorri sarea indartzen jarraitzen du udalak
Irungo Udalak hiriko hainbat bidegorri zati hobetzeko eta zoladura berritzeko proiektua onartu du. Aurrekontu parte hartzaileetako proposamen bat izan da honakoa.
Irungo Udalak hiriko hainbat bidegorri zati hobetzeko eta zoladura berritzeko proiektua onartu du. Aurtengo aurrekontu parte hartzaileetako proposamen bat izan da, eta boto asko jaso zituelako izan zen hautatua. Proiektua lizitazio fasean dago, bi hilabetean egingo da esleitzen denetik, eta 129.909,28 euroko aurrekontua izango du.
Proposamenaren harira, hiriko bidegorriak aztertu dira, zoladuraren egoera zein den ikusteko eta antolamendu hoberako aukerarik ba ote dagoen baloratzeko. Gauzak horrela, egoera txarrean dauden bidegorrien zoladura berrituko da, eta trazadura hobetu daitekeela ikusi denetan ere, zoladura berritzeaz gain, trazadura lanak ere egingo dira.
“Bizikleta bidezko mugikortasunean aurrera egitea dakarten lan guztiak dira ongietorriak. Etenik gabeko lan ildo bat da: batzuetan, bidegorri berriak egiten dira, eta beste batzuetan, adibidez, gaurkoan, daukagun sarea hobetzera bideratzen ditugu esfortzuak. Helburua berbera da, eta bide horretatik joan nahi dugu”, adierazi du Borja Olazabal Mugikortasuneko ordezkariak.
Honakoak dira hobekuntzetarako aukeratu diren bidegorri zatiak: Ricardo Alberdi kaletik Antonio Valverde kalera doan bidegorria eta horren jarraipena, Artia kanalaren ertzetik Juan Luis Seisdedos aldeko bidegurutzeraino; Alai Txoko parkeko bidegorri zatia; eta Meakako bidegorriaren zati bat, Borda-Txikitik Meaka 92. zenbakiko sarbidearen bidegurutzeraino.
Azkenik, hobekuntza lanei dagokionez, udalak gogorarazi du uztailean bizikletan garbitzeko gune bat ireki zutela Ibarlan, hiriko txirrindularien eskariei erantzuteko.