Garaipena errepikatu nahi du Bidasoak Norvegian
EHF European League itzulerako partida jokatuko dute gaur bidasoarrek 18:45ean Norvegiako Kolstad Arenan.

Itzuliko partida jokatuko du Bidasoa Irun eskubaloi taldeak Kolstad Handball talde norvegiarraren Kolstad Arena zelaian, 18:45ean. EHF European League jokatzen ari dira bidasoarrak eta lehenengo partidaren garaipen zaporearekin joango dira, 30-27 garaitu zituzten eskandinaviarrak Artalekun.
Golak egitean jarri du azpimarra Jacobo Cuetara entrenatzaileak. “Zenbat eta gol gehiago egin itzulerarako, orduan eta hobea izaten da, nahiz eta gol kopuruetatik irakurketa anitzak egin daitezkeen”.
Lanaren erdia egin dutela dio entrenatzaileak baina adi egon behar dutela aldaketa asko egon daitezkeelako. “Lasai egon behar dugu, badakigu zaila dela”.
Taldea ongi dagoela esan du Cuetarak eta hobekuntzak ikusten dituela erritmoan, “lehiakorrak izan gaitezke”. Partida borobila egitea desio du eta azken une arte aukerak izatea.
Kilometro askotara denez lehia, bi bide ireki dituzte jarraitu ahal izateko, euskal telebista publikoaren interneteko orrialdea eta Txingudi Irratiaren seinalea.