Adinekoen isolamendua ekiditeko programa, bigarren fasean
75 urtetik gorako 336 irundar daude interesatuak programan. Orain arteko lanaren balantzea egin du Gizarte Ongizate sailak.
Adinekoen isolamendua prebenitzeko programaren bigarren faseari ekin diote. 75 urtetik gorako adinekoei zuzendutakoa da eta aholkularitza edo behar dituzten zerbitzuak eskaintzeko harremanetan jarri dira dagoeneko.
David Nuño Gizarte Ongizateko ordezkaria izan da egitasmoaren aurkezpenean eta nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko programa hau “gertukoa” izatean jarri du azpimarra,”gure zerbitzuak behar dituztenei eman ahal izateko”.
Orotara, 75 urte baino gehiago duten 336 irundarrek dute interesa programan, eta horietako 155eri jada bidali diete programarekin atxikitzeko gutuna; bigarren fase honetan gainontzekoek jasoko dute. Aurretik egindako lanari esker, prebentzio kanpainaren xehetasun guztiak eta Gizarte Ongizate arloaren baliabideen berri jakin zuten, izena eman aurretik.
Behin gutuna jasota, udalak kontratatutako psikologo bat jarriko da harremanetan interesdunarekin, elkarrizketa pertsonal bat egin eta diagnostiko bat egiteko. Herritarrak hori nahi ez badu, ekidin dezake aurretik jasoko duen deian adieraziz edo gutunean duen telefonora deituta.
Diagnostikoa eginda estimulazio kognitiboa eta gaitasun sozialak lantzeko tailerretan ahalko dute parte hartu. Horiek Leka Eneako apartamentuetako espazio sozialean, asteazkenetan 12:00etatik 13:00etara, Iraso zentro sozialean, asteazkenetan 10:00etatik 11:30etara, eta Palmera Montero zentro sozialean, astelehenetan 10:00etatik 11:30etara izango dira.
Lehen fasearen balantzea
191 pertsonekin jarri behar zirela harremanetan zehaztu du udalak, horietatik 35 pertsona 2020an identifikatutakoak eta beste 156ak identifikatu berriak. Horietatik %75,91rekin lortu dute harremanetan jartzea.
Guztira 55 herritarrekin egin dituzte aurrez aurreko elkarrizketak eta bataz beste ordu eta erdiko solasaldia izan zuten. Batez ere etxebizitza partikularretan batu ziren, kasuen %67,27ak hain zuzen ere. Palmera Monteroko adinekoen lokalean 32,72rekin elkartu ziren. 37 emakume eta 18 gizon izan dira parte hartu dutenak, oraingoz.
Elkarrizketa horietan adinekoen bizi kalitateari eragiten dioten zenbait faktorez galdetu zieten: “Egoera kognitiboa, depresioa, antsietatea, nutrizio-egoera, isolamendu soziala dagoen edo ez, komunitateko parte-hartzea, tratu txarren susmoen balorazioa, oinarrizko beharrak eta puntualak asetzeko gaitasuna, hobbyak eta aisialdiko jarduerak, osasun- egoera eta, azkenik, etxebizitzaren osasungarritasun-egoera eta adinekoaren behar pertsonalen araberako egokitzapen-maila”.
Orain arte egindako tailerren datuak era zabaldu ditu udalak. Urtarriletik ekainera bitarteko seihilekoan 63 saio egin dituzte, guztira 94,5 ordu. Bederatzi pertsona joan ziren Palmera Monterora, 7 Irasora eta 6 Leakeneara.