Bidasotarrek partida serioa jokatu bazuten ere, akatsek norgehiagoka Iruñaren alde erabakitzea eraman zuten. 22-24 bukatu zen lehen jardunaldia.
Zaisa Txingudiko mutilen talde nagusiak larunbatean hasi zuen sasoia Plaiaundin eta ezin izan zuten nahi bezala hasi. Iñigo Camareroren taldeak ezin izan zuen Iruña menperatu eta 22-24 galdu zuten Ohorezko B Mailako Euskal Ligako lehen jardunaldian.
Hasierako hamabostekoa Xabi Sanchezek, Iker Tejerok, Joao Costak, Jenö Kocsisek, Imanol Aizpuruak, Asier Gonzalezek, Ramon Berguak, Asier Amigok, Ioritz Francok, Urko Genuak, Oihan Arruabarrenak, Gorka Martinezek, Carlos Lorak, Ekain Hiribarrenek eta Adur Manterolak osatu zuten. Gabriel Lizarazuk ere jokatu zuen, eta Xabi Sanchezek ezin izan zituen azken minutuak jokatu lesiogatik.
Bidasotarrek, baina, “oso partida serioa” jokatu zutela baietsi du Xabi Sanchez jokalariak. Zaisak ezin hobe hasi zuen norgehiagoka erasoan, eta 14-0 jarri ziren aurretik. Defentsan, ordea, ez ziren “horren fin” ibili, eta etxekoen “huts” batzuen ondorioz, “indarrak berdinduz” joan ziren gutxika. 14-12ko markagailuarekin iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarren zatia ere sendo hasi zuten Camareroren mutilek, eta markagailuko aldea handitu zuten (17-12). Gerora, baina, “nekeak kontzentrazioa galarazi” ziela azaldu du Sanchezek, eta defentsan “huts gehiago” egin zituzten. Iruñak aukera horiek baliatu zituen eta markagailua irauli zuen (17-24). Azken minutuetan, Imanol Aizpuruak eta Iruñako jokalari baten txartel gorri bana jaso zuten, eta hamalau jokalarirekin bukatu zuten bi taldeek. Partida bukatzear zela, Adur Manterolak 22-24koa ezarri zuen markagailuan, eta horrela bukatu zen norgehiagoka.
Eskolak atzo hasi zuen denboraldia
Klubeko gazteenek atzo hasi zuten ikasturte berria Hondarribiko hondartzan egin zen topaketarekin. Bidasoar gazteek Gipuzkoako, Nafarroako, Arabako eta Errioxako taldeen aurka jokatu zuten Gipuzkoako Federazioak eta Zaisa Txingudik antolatutako topaketan. 10:30ean hasi zen jardunaldia, antolatzaileek hondartzan egindako sei errugbi zelaietan, eta bertan, 10 eta 12 urtez azpiko hogei bat talderen arteko partidak ikusi zituzten bertaratu zirenek.
Iñigo Aizpurua Zaisa Txingudiren eskolaren zuzendariak zehaztu zuen “zelaiaren ohiko ingurunetik mota honetako topaketak egitea dibertigarria” dela gazteentzat, eta “jokoan berritasunak gehitzea behartzen die, erronka txiki bat” suposatzen diena. “Gure 10 eta 12 urtez azpiko taldeek launa norgehiagoka jokatzeko aukera izan dute, jatorri ezberdinetako jokalariekin elkartuz, gauza berria ikasiz egundoko giroarekin”, nabarmendu zuen eskolaren zuzendariak.
16 urtez azpikoak ere martxan
Gizonezkoen senior taldearen partida aprobetxatuz, Iruña taldeko 16 urtez azpiko jokalariak Plaiaundin izan ziren Zaisa Txingudiren 16 urtez azpiko taldearen kontra lagunarteko bat jokatzeko. Bidasotarrek gogoz ekin zioten lehen erronkari, eta indarrak eta ahalmenak neurtzeko aukera baliagarria izan zuten.