Euskaraldia auzoetara hurbilduz
Datozen egunetan jarriko dituzte martxan herriko auzoetan egingo dituzten jarduerak. Horietako bi Koldo Ortegaren eskutik egingo diren bisita gidatuak izango dira.
Urte hasieratik, Euskaraldia prestatzen aritu da udala eta gaur goizean pausu berri bat emango dutelaren berri eman dute Maria Serrano zinegotziak, Mertxe Gerriko Hondarribian Euskaraldiko arduradunak eta Koldo Ortega historialariak.
Euskaraldia lantzeko herri batzordea sortu eta harekin elkarlanean aritu da Mertxe Gerriko, Euskaraldiaren dinamizatzailea. Datozen egunetan hitzaldi didaktikoak eta hitzez ekiteko ekitaldiak prestatu dituzte. Ekitaldi horietan aurtengo Euskaraldiaren erronkak azaldu eta urte guzti hauetan egon diren lorpenak mahaigaineratuko dituzte. Gerrikoren ustez festa giroan egingo diren ekitaldi politak izango dira eta herritarrak bertan parte hartzera animatu ditu.
Dinamikari dagokionez, Gerrikok oso garrantzitsutzat jo du ahobizi eta belarriprest rolak ongi ezagutzea, “parte hartzeko prest dauden guztiek nola parte hartu dezaketen ezagutzeko”.
Bestalde, joan den ostegunean, hilaren 28an, Euskaraldian izan emateko epea zabaldu dela gogorarazi du Serranok.
Bisita gidatuak
Arkolla eta Jaizubia auzoan egingo diren bisita gidatuak izango dira jarduera horietako bi. Bisitak Koldo Ortegaren eskutik egingo dira. Lehena Arkolla auzoan egingo da hilaren 16an, igandea. Goizeko 11:30ean Arkollako auzo elkartean elkartuko dira. Lehenik santiagorako bidea azalduko dute baseliza bisitatuz. Ondoren, 400 urte dituen baserri bat ikusiko dute non baserriaren mundua azaltzen saiatuko den. Hurrengo igandean, hilaren 23an Jaizubiako auzo elkartean elkartuko dira eta bertan, txakolinaren eta sagardoaren mundua azalduko du Ortegak. Hondarribian horrek izan duen eragina, duena eta izango duena azalduko du eta “herritarrek beren herria ezagutzeko” baliatuko du aukera.
Euskaraldia dinamizatzeko jarduerak
Guztira 11 jarduera prestatu dituzte.
Urriaren 9an: Amute auzoan, Hitzez ekiteko ekitaldia. Jarduera atzeratu egingo dute Auzo elkarteko lehendakaria zendu baita.
Urriaren 13an: Hizkuntzen erabileraren neurketaren aurkezpena. Kultur Etxean 18:30ean.
Urriaren 15ean: Euskaraldiko informazio mahaia. San Pedro kalean (azokaren ondoan) 11:30ean.
Urriaren 16an: Hitzez ekiteko ekitaldia. Koldo Ortegaren eskutik bisita gidatua Arkolla auzoan. Mikel Arruabarrenak olerki irakurketa egingo dut eta Karolina Sainz de Bikuña arituko da aurkezle lanetan.
Urriaren 19an: Euskaraldiari buruz hitzaldi didaktikoa. Kultur Etxean 18:30ean.
Urriaren 23an: Hitzez ekiteko ekitaldia. Koldo Ortegak gidatutako bisita. Jaizubia auzoan. Ordua zehazteke. Karolina Sainz de Bikuña arituko da aurkezle lanetan.
Urriaren 28an: Gune ibiltaria eta hitzez ekiteko ekitaldia. Hondarribiko portuan izango da. Ordua zehazteke.
Azaroaren 5ean: Balazta taldearekin bizikleta irteera. Herrian zehar izango da 11:00etan.
Azaroaren 12an: Euskaldiko informazio mahaia. San Pedro kalean (azokaren ondoan) 11:30etan.
Azaroaren 19an: Bertso afaria. Itsas Lur elkartean, ordua zehazteke.