Bihar hasiko da memoria historikoaren hilabetea
Orotara, bi erakusketa eta hitzaldi bat antolatu dituzte. Lehen erakusketa bihar irekiko da Oiasso Museoan, eta emakume preso errepublikanoak ditu ardatz.
Memoria Historikoaren Astea dela eta, zenbait jarduera antolatu dira Irunen hilabete osoan zehar, eta horien berri eman du gaur goizean Santi Jimenez udal ordezkariak. Orotara, bi erakusketa egingo dira Oiasso Museoan, eta hitzaldi bat Amaia KZn. Lehen erakusketa bihar zabalduko da Oiasso Museoan. Erakusketa horrek ‘Papillons, esan gabeko hitza’ du izena, eta emakume preso errepublikanoak ditu ardatz.
Santi Jimenezen hitzetan, “koalizioko gobernu progresistak konpromisoa hartu zuen Irungo Memoria Historiakorekin eta Memoria Historiakoaren Bulegoaren irekierarekin. Zerbitzu honen helburuetako bat da gerra eta errepresio frankistan gertatutakoa ezagutzera ematera”. “Kontzentrazio esparruez ari garenean, Alemaniarekin, Auschwitzekin edo Mauthausenekin lotzen ditugu, baina jende gehienak ez daki Espainian, Euskadin eta Irunen bertan ere bazirela. Izugarrikeria hori milaka pertsonak jasan zuten, are gordinagoa izan zen emakume errepublikanoek jasan zuten errepresioa emakume izate hutsagatik”, gehitu du udal ordezkariak.
Aurrez aipatu bezala, bihar emango zaio hasiera egitasmoari ‘Papillons, esan gabeko hitza’ erakusketaren irekierarekin. Emakume preso errepublikanoen inguruko erakusketa hilaren 4tik 16ra bitartean egongo da ikusgai Oiasso Museoan, asteartetik igandera, 10:00etatik 14:00etara. Ostiral eta larunbatetan ere arratsaldez egongo da irekita, 16:00etatik 19:00etara. Astelehenetan, berriz, itxita egongo da espazioa.
Bigarren erakusketa Amical Mauthausen elkarteak dakar, eta ‘Deportazioa, bakardadea eta isiltasuna’ du izena. Bigarren erakusketa hori hilaren 18tik 30era egongo da ikusgai Oiasso Museoan, aurrez aipatutako ordutegietan. Erakusketa horrek nazien kontzentrazio esparruetan jarriko du fokua.
Hitzaldia, Amaia KZn
Zikloa ixteko, hitzaldi bat prestatu dute hilaren 27an, 19:00etan, Amaia KZn. Hitzaldi hori Carlos Hernandez de Miguel kazetariak emango du ‘Los campos de concentración de Franco’ izenburupean. Hizlariak kontzentrazio esparru frankistak izango ditu hizpide, eta aipamen berezia egingo die Euskadin izan ziren eremuei.