Santanok abuztuko auto ilaren berri eman dio Pedro Sanchezi
Egoera zein den jakiteko Irunera gonbita luzatu dio. Bien bitartean, aldundiko trafikoko zuzendariarekin bilduko da alkatea.
2023ko uda urrun dagoela uste du Jose Antonio Santano alkateak baina auto ilaren arazoa berriz ez gertatzeko “oraintxe lanean hastea” beharrezkoa dela adierazi du gaur alkateak. Bere iritzi berdinekoak direla esan du udalbatza osatzen duten alderdi guztiak ere.
Bidasoko errepideetan dagoen arazoaren berri emateko Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari gutun bat bidali dio.Era berean, gonbita zabaldu dio Irunera joateko ere “beharrezkoa balitz” eta “kontrol horiek bertatik bertara ikusteko”.
“Alde batetik, badakigu mugako kontrolek egoera hau baldintzatzen dutela, baina ildo horretan badira aztertu eta erkatu beharreko beste zenbait kontu ere”, zehaztu du Santanok.
Konpromisoa hartua duela arazo horri aurre egiteko gogoratu nahi izan du alkateak, eta Pedro Sanchezekin harremanetan jartzeaz gain, Gipuzkoako Errepideen diputatua, Aintzane Oiarbiderekin bilera egingo du datozen egunetan. Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendaria, Sonia Diaz de Corcuerarekin ere biltzeko eskaera egin du Santanok.