'Sepulvedako Emakumeak' margolanak Zaragozara bidaiatuko du
Irungo udaletxean egon ohi den Ignacio Zuloaga margolariaren obra Aragoira lekualdatuko dute aldi baterako, bertan egiten ari diren erakusketa bat osatzeko.
Irungo udaletxeko areto nagusian dagoen Ignacio Zuloagaren Sepulvedako Emakumeak margolana Zaragozara lekualdatuko dute aldi baterako. Irungo Udalak Zaragozakoari lagako dio artista eibartarraren obra, Aragoiko hiriburuan egingo duten ‘Goya y Zuloaga, la fuerza del carácter’ izeneko erakusketa osatzeko. Urriaren 6tik 2023ko urtarrilaren 8ra bitartean egongo da ikusgai Zaragaozako Lonja eremuan, Pinar plazaren ondoan.
Udal pinakotekan dagoenetik, ez da Irungo Udalak margolana erakusketak osatzeko uzten duen lehen aldia. Azken lagapenen artean, aipatzekoa da Granadara bidali zenekoa, hiri hartako Karlos V.aren jauregian Zuloagari eta Manuel de Fallari buruz egin zen erakusketarako. Bilboko Arte Ederren Museora edo Estoniako hiriburu den Tallinneko Mikkel Museora ere bidaiatu du artelanak.
Iruni eskainia
Ignacio Zuloaga hiri paisaiaz interesatu zen, etxe pitzatu zaharrez, eraikin herrikoiez eta urteen eta historiaren poderioz higatutako harlanduzko fatxada nobleez. Hasiera batean, baina, paisaia hori bigarren mailan jarri zuen, koadroen atzealdean. Sepulvedako emakumeak koadroan, figurek berek begiratzen diote Erdi Aroko herri bati, amildegiz eta muinoz osatutako paisaia lakar baten gainean pilatutako bide oker eta etxeei. Oihalaren ertz batean irakur daitekeenez, Zuloagak Irungo hiriari eskaini zion koadroa.