"Amatasuna ez da literaturan sortu emakumeek idatzi arte"
Bizitzaren ordu gehienak zaintza lanean ari direnentzat ‘Leer a deshoras’ irakurketa taldea sortu dute, astelehen eguerdietan, Parean elkarteak eta Mertxe Trantxek. Plaza guztiak bete dira dagoeneko
Parean elkarteak eta Mertxe Trantxe historialariak Leer a deshoras irakurketa taldea sortu dute, eta Irungo CBA liburutegian elkartzen hasiko dira urriaren 24tik aurrera. Astelehenero izango dira saioak, 14:30ean hasi eta 16:00ak arte. Ordutegi berezi hori apropos jarri dute.
Nolatan sortu zen irakurketa taldea eta zein da berezitasuna?
OIHANA LLORENTE: Proiektu hau sartzen da beste proiektu handi baten barruan, Atsolorra izenekoa. Parean elkartean ari gara garatzen, eta amatasunaren gainekoa da. Atsolorrak bilgune bat ziren, XVI. mendetik dator izena: Euskal Herrian erditzear zeuden emakumeen- gana hurbiltzen ziren inguruko baserrietako emakumeak, laguntzeko. Izen hori probestu eta soilik emakumeen bilkura zela jakinda, berreskuratu eta proiektu bat egin dugu.
Amatasunez eta ez amatasunez hitz egin nahi genuen ikuspegi feministatik. Horren gainean duela urtebeteko gure gogoeta zen feminismoak ez diola gehiegi eutsi eztabaida honi. Baina urtebetean ikusi dugu badaudela Emaginek antolatutako jardu- naldi batzuk azaroan, liburu pila bat atera direla… pixka bat modan dago gaia. Bai hitz egin dela sexu askatasunaz eta abortatzeko eskubideaz, eta noski dela erabat garrantzitsua hori borrokatzea feminismotik. Baina aukeratutako amatasuna existitzen da, eta behin ama iza- ten zarela, feminismoan ez dituzu aurkitzen lehen topatzen zenituen hausnarketak.
Guk ekarpena egin nahi genuen. Orduan, okurritu zitzaigun Mertxerekin [Trantxe] batera irakurketa talde hau martxan jartzea. Irekia dago jende guztiarentzat, baina duen berezitasuna ordutegiarena da. 14:30etik 16:00etara izango da: ordutegi erakargarri eta bideragarria da zaintza lanetan egon daitezkeen emakume askorentzat. Amatasunaz hitz egin nahi genuen, baina beste liburuak ere jorratuko ditugu gure ikuspegitik.
Ez dituzue amatasunari buruzkoak bakarrik irakurriko, beraz.
MERTXE TRANTXE: Hasieran amatasuna tratatzeko esan zidaten, eta hori izan nuen buruan. Orduan lehen hiru bilkurak The Yellow Wallpaper, Les Demeurées eta El Jardin, The Front Yard and Other Italian Stories liburuenak dira. Hirurek lantzen dute amatasuna. Gai hori ez da benetan literaturan sortu emakumeek idatzi arte. Nire ustez, ama-alaben arteko harremana unibertsoko konplexuena da, eta gaiaz hitz egin dutenean beti oso modu gogorrean tratatu izan dute. Kasu honetan, hiru ikuspegiak oso desberdinak dira. Lehenengoak erditze ondoko depresioaz dihardu. Bigarrena, amaren eta alabaren arteko fusio-harremana da, egoera berezi batean gertatzen dena. Hirugarrena, amatasun ez propioa da: emakume bat haur mordo bat duen gizon batekin ezkontzen da, eta berari horrek zer suposatzen dion jorratzen da. Urte osoan zehar taldearekin jarraituz gero, ez genituzke hazkatuko harreman konplexu horiek ezta azaletik ere.