Larreaundiko auzo elkartea, biziberritzeko auzotarrei so
Auzotarrak eta eragileak saretzean jarri nahi du fokua. Horregatik, interes guzietarako planak ontzeko, eta hainbat bilera antolatu. Bizirik dagoela erakutsi zuten atzoko agerraldian.
Larreaundi-Olaberria auzo elkarteak ikasturte honetan egingo dituzten jarduera eta ikastaroen berri eman du. Horietako batzuk egonkorrak dira eta besteak bereziki udazkenean garatuko dituztenak, elkarteko kide den Mikel Valeroren esanera. Auzo elkarteak helburu nagusi bat finkatu du aurtengorako: auzoko eragile ezberdinen saretzea bultzatzea.
Ikastaroak
Hiru ikastaro antolatu dituzte. Ingeles klaseak urrian hasiko dituzte eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleentzako da. Izena emateko 616 10 69 24 telefonora zenbakira deitu behar da eta Anagatik galdetu.
Marrazketa eta pintura tailerrak ere urte asko bete ditu eta ikasturte honetan ere eutsiko diote klasiko horri. Heldu zein haurrek parte har dezakete astearte eta ostegunetan izango diren saioetan, urriaren 4tik aurrera. Izena emateko 607 934 123 zenbakira deitu behar da edota helbide elektroniko honetara mezu bat bidali.
Berrikuntza nagusia euskara ikasteko ikastaroa izango da eta AEK Euskaltegiak eskainiko ditu saioak auzo elkartean bertan. “Euskararen aldeko gure aletxoa jarriko dugu” azaldu du Valerok. Interesa erakusten duten jendearen arabera osatuko dituzte taldeak, eta oro har, eskaintza zabala da euskara ikasi edo hobetu nahi duen guzientzat.
Dena den, nabarmendu nahi izan dute auzoko merkatariei zabaldu dietela gonbida bereziki, baita ere eskolako gurasoei ere, “izan daitekeelako nahiko aproposa haurrak eskolan utzi eta etortzea auzo elkartera euskara ikastera”.
Ikastaroei buruz zehaztu dute gehiago eskaini nahi lituzketela, baina auzo elkarteak gela handi bakarra dauka eta eskaintza horretara mugatzea behartzen die. Auzoarentzat espazio gehiago behar dituztela eskatu dute, adibidez, espazio sozio kultural bat.
Ekimenak
Abendura bitarte aurreikusi dituzten egun eta egitasmoak aurkeztu dituzte. Euskararen Egunaz hasi dira mintzatzen eta auzoan egun hori probestu nahian batzarra egingo dute datorren asteko urriaren 4ean, 19:00etan. “Ez dago bat ere ez zehaztua zein proposamen izango den zeren planteamendua da taldetxo horren baitan lantzea”.
Bestetik, Kirolaren Eguna sortu nahi dute. Helburua auzoa kirolaren bitartez dinamizatzea da auzo elkartearen arabera, eta ikusgarri egitea auzoan dauden kluben eskaintza. Arratsalde bateko plana litzateke eta auzoko eskolan zentralizatu nahi dituzte ekintzak.
Elkarlana abiatu nahi dute hori gauzatzeko auzoko klubekin, hau da, Mahai tenis Leka Enea, Dunboa Eguzki futbol, Sanmartzial futbol taldea, Balazta elkartea, FYLAB eta Judo Olaketarekin. Gaur egingo dute lehen bilera eta ea egingarria den baloratuko dute.
Haurrei begira ere jarri dira eta haientzako liburutegi bat sortu nahi dute. Batez ere guraso batzuk daudela interesatuak eta talde bat sortu dutela adierazi du Valerok. “Ideia da liburu eskaintza bat zabaltzea baina baita ere ekimenak antolatzea haur literaturaren gainean”. Genero eta aniztasun ikuspegi inklusibo batean oinarritutakoa izatea nahi dute, “ez ekartzea hona edozein liburu baizik eta lanketa bat egitea da asmoa”.
Lehen bilkura urriaren 5ean egingo dute, 18:30ean, auzo elkartean eta zehaztu dute udaletxearen diru laguntza bat jaso dutela proiektua egin ahal izateko. Halaber, elkarlanean aritu nahi dute Eguzkitzako guraso elkartearekin ere. Auzoko eragile askorekin lanean ari gara xedea delako auzotarrak saretzen joatea.
Neguko Jaia lehen aldiz iaz egin zuten abenduan, Olentzeroren etorrerarekin batera. Aurten berriz errepikatu nahi dute eta aurrerago jakinaraziko dute zein egunetan hasiko diren horretan lanean.
Auzo planak
Euskal Herriko auzo askotan auzo planak egiten ari direla dio Valerok, “biltzeko auzoko eragile eta pertsonen nahiak, interesak eta erronkak eta horiek izateko bilduak plan batean hurrengo urteetan mugitzera bultzatzeko”. Hurrengo bilera urriaren 13an egingo dute, ordua zehazteke.
Bizilagunekin saio desberdinak egin nahi dituzte behar horiek identifikatzeko. Adibide gisa jarri du maiatzean egin zuten saio bat mugikortasunaren gainekoa eta orduan bereziki TAO sistemari buruz hitz egin zuten, baita udalari eskatu ere diote TAO baina beste eskakizun batzuk ere jaso zituzten. Ekarpen horien artean espazio publikoa eta ekipamenduak hobetzean jarri zuten fokua. Iñigo de Loiola karrika peatonalizatzea izan zen intereseko proiektuetako bat.
Auzo plana ez dela udalari aldarrikapen egiteko asmotan sortutako ekimena azpimarra egin nahi izan du Valerok. Ildo horretan, plan batzuk auzotarrek egin ditzaketela dio, esaterako, baratza komunitario bat, baina, aldiz, beste batzuk udalari eskatu behar zaizkio, hala nola, plaza bat estaltzea. “Bien arteko konbinazioa da bilatzen dena”.
Trantsizio energetikoa ere izango dute hizketagai auzo planean eta oraindik erabaki ez badute ere, abenduan egingo da seguruenik.
Bestalde, orain izaten ari diren aurrekontu parte hartzaileetan ere egon nahi dute. Auzoari begira pilotalekuak egokitzapen lanak behar dituela salatu dute eta estaltzea ez legokeela gaizki. Baratza komunitarioa martxan jartzeko baliabideak ere galdegin dituzte, eta beste kale eta auzoetan bezala, panel informatibo bat nahi dute auzo elkarteko gauzak hedatu ahal izateko.
Auzo elkartea
Urteko abonamendu kanpaina bete-betean daude, 10 euro urteko prezioa jarri dute. Elkarteak martxan jarraitzeko ez ezik, lokalaren itxura berritzeko ere balioko die diruak, izan ere, asmo hori adierazi zuten atzoko aurkezpenean. “Altzariak berritu, gelak berriz antolatu, margotu… abenduko zubian zerbait aurreratu nahi dugu”. Ahalik eta modu txukunean aprobetxatu nahi dute orain duten baliabidea, beste bat izan arte.
Udalarekin elkarlanean aritzeko besoak zabalik dituztela adierazi dute azkenik. “Konpromiso handiagoa behar dugu udalaren aldetik gauzak egin ahal izateko eta auzoa hobetu ahal izateko”.