Lapitzeko behin behineko aparkalekuaz hitz egin du bizilagun batek Osoko Bilkuran
Inkesta bat egin du bizilagunen artean aparkalekuaren gaineko iritziak jasotzeko. Udalak erantzun egin dio haren ondorioei.
Diana karrikako bizilagun batek Miguel de Anbulodi karrikan eraikiko duten aparkalekuaren gaineko zalantzak dituela jakinarazi du gaur udaletxean egin den Osoko Bilkuran. Eskaera eta galderen atalean entzun diote.
Hedabideetan jakin zuela behin behineko aparkalekua egingo zuela esan du eta bizilaguna dela bera eta ez duela inoiz horrelakorik eskatu. 125.000 eurokoa dela aurrekontua eta 45 autoentzako lekua izango dutela izan dela jaso duen xehetasuna adierazi du.
Arreta deitu ziola hedabideetan bizilagunek eskatutako proiektua zela esan du eta bera aintzat hartu ez dutela gaitzetsi du. Zurrumurrua zela aparkalekuarena bizilagunen artean zehaztu du. Informazio bila jarri zela dio eta ez duela topatu. “Ez dut esaten informaziorik ez dagoenik, baizik eta kazetetan topatutakoa dago bakarrik”.
Bizilagunengana jo du herritarrak atez-ate inkesta bat egiten ea aparkalekuaren gainean zer zekiten eta zein iritzi zuten biltzeko. “Miguel de Anbulodi eta Diana karriketako ateetara joan naiz, aparkalekuak eragina izango duen kaleetara. Ulertzen dut ez duela ezertarako balio ez duelako oinarrizko bermeak, baina ez dut asmo horrekin egin. Asmoa auzokideek zer pentsatzen duten jasotzea izan da gero udaletxera etortzeko “.
Bi kale horietan 14 atari daudela zehaztu eta berean ez duela galdetu, “eraginik izan ez zezan”. Hamahiru atarietatik zortzira sartu ahal izan du. 391 etxebizitza daude eta 44ra sartu zen, “etxebizitzen %11etara iritsi naiz”.
Bost galdera luzatu zizkien: “Norbaitek galdetu al dizu aparkaleku bat eraikitzea nahi duzun auzoan?”. Erantzun duten %86k ezetz erantzun du, %11k baietz.
Bigarren galdera ea soluzio horrek Irungo aparkatzeko arazoa konponduko duen izan da eta %93k ezezkoa esan zuten. “Agian galdera hau ez da izan egokia, gero ohartu nintzen”.
Horregatik, hirugarren galdera bat egin zuen: “Uste al duzu auzoan aparkatzeko dagoen arazoa konponduko duela?”. %59ak ezetz uste du eta %38ak baietz dio.
Laugarren galdera ea berdegunea kentzeak axola dien aparkaleku bat eraikitzeko izan zen. %86 bai inporta die eta %9ari ez. Azken galdera ea aparkaleku hori eraikitzearekin ados dauden izan da eta %65a aurka dago, %22a alde.
Bizilagunen iruzkinak ere jaso ditu eta bizilagunek aparkaleku bat bai nahi duela baina ez leku horretan esan zioten. Bozketa bat egon zela jakin izan du, “baina ez dago inon jasoa hori egin zenik”. Aukera ez dela bizilagunek nahi zutena baina udaletxeak proposatutako bakarra izan zela adierazi diote inguruko batzuk.
Errazago izango litzatekeela aparkalekuaren gaineko iritzia izatea kudeaketari buruz datu gehiago izango bazuten azaldu zieten. “TAO gunea izango den, bertakoentzat soilik…”.
Era berean, aukera galdua dela “oliben biribilgunean” behin behineko aparkalekua jartzea, eta txandakako zerbitzua eskaintzea, urte batean bizilagun batentzat eta hurrengoan bestearentzat.
Hiru eskaera zehatz egin dituzte. Alternatiba bat eskatu dute oraingo proiektuarentzat; Miguel de Anbulodiko berdegunea horrela uztea nahi dute Txenpereneako proiektua egin arte; bozketen gaineko informazioa eskuragarri jartzea bizilagunei.
Erantzunak
Cristina Laborda Obretako zinegotziak eskerrak eman dizkio lehenik alternatibak ekartzeagatik eta egindako ariketa “goratzeko duina” dela adierazi du. “Eredugarria da egin duzuna”.
Bizilagunekin elkartu dela aspalditik azaldu du. Bizilagunen presioa aparkalekuen bueltan askotan jaso duela dio eta orain arteko aparkalekua inprobisatua izan dela gogoratu du. “Uste nuen gai hau ongi landua zegoela bizilagunekin, argitara eman baitira zenbait kontu urte askotan”.
Bizilagunek, oro har, berandu zebiltzala aparkalekuarenarekin jaso izan duela dio Labordak eta ez proposatutako alternatibaren aurka zeudenik. Berdegune gehiago okupatzea nahi zuten bizilagunak ere bazeudela gogoratu du eta udalak hori gelditu egin duela. Bestalde, oraindik ez dakitela nork aparkatuko duen baieztatu dio ere.
Jose Antonio Santanok esan du faktore bat kontuan izan behar dela, auzo elkartea. Talde horrek eman ziola alkateari lursail horretan aparkalekua egiteko proposamena gogoratu du.