[Erreportajea] Jaizkibelgo landaredia ezagutarazteko liburuxka
Udalaren ekimenez, Eusko Jaurlaritzaren eta Europako Batasuneko Eskualde Garapenerako Funtsen kofinantzaketaren bitartez sortutako proiektua da. Anais Mitxelenak eta Iñaki Sanz-Azkuek egin dute.
Anais Mitxelenak eta Iñaki Sanz-Azkuek Mugikortasunaren Europako Astearekin bat eginez aurkeztu zuten Jaizkibelgo landareak, Talaia bidea jarraituz liburuxka. Talaian zehar erraz aurki daitezkeen 30 landare ezagutarazteko proiektua da. Biak ala biak Aranzadiko kideak dira. 2011an hasi ziren udalarekin elkarlanean natur ondarea babesteko ekintzak sustatzen. Ekintza aktiboak dibulgatiboekin bateratzen dituzte.
Aurten Talaia bideko landareak izan dituzte aztergai. Ibilbide horretan jende asko izaten da egunero aisiaz gozatzeko, kirola egiteko, edo-eta natura behatzeko. Azken horri heldu nahi izan diote ikerlariek. Haien ustez landareei duten garrantzia baino gutxiago ematen zaie. «Sentsazioa dugu landareak koadro bateko osagarritzat hartzen ditugula», azaldu du Mitxelenak.
Horregatik, landareen garrantzia mahaigaineratzen eta gizartean haiekiko errespetua sustatzen ahalegindu dira. «Nire lankideek ‘landareekiko itsutasuna’ deitzen diote gertakari horri. Ez gara ohartzen bizidunak direla, espezie ezberdin pila daudela, horietako batzuk babestu egin behar direla, eta beste batzuk desagertzeko zorian daudela. Animaliez gain landareak, onddoak, algak, likenak eta beste izaki bizidunak ere desagertzen dira».
Jaizkibel mendia berezia da. Europar Batasunaren babespean dago eta hainbat habitat eta espezie berezi hartzen ditu bere barruan: «Gutxi gorabehera hamabi habitat eta hamasei landare babestu daude». Landareen aukeraketa, beraz, ez da erraza izan. Honako irizpideak ezarri zituzten aukeraketa egiteko. Lehena, orokorra: babestuak, ez babestuak eta exotikoak. Ondoren, mota ezberdinetako landareak izatea: belarkariak, igokariak, zuhaixkak eta zuhaitzak. Bestalde, loraketa garaia urtean zehar barreiatua egotea edo-eta ikuserrazak izatea ere hartu dute kontuan. Landareak fitxa teknikoen bidez azaltzen dira: landareen ezaugarriak, loraldia, tamaina, jatorria eta babes maila, Raul Dominguez Pazo eta Oscar Dominguez Pazo anaiek sortutako marrazkiekin batera.
Liburuxkak bost atal ditu: sarrera, talaia bideko habitatak, talaia bideko paisaia, landare espezieen fitxa eredua eta talaia bideko landareak.
Hilaren 19an landareria ezagutzeko txangoa egin zuten Talaia bidetik zehar. Ibilaldia 25 pertsonera mugatu zuten «bisitak bere esentzia galtzen baitu bestela». Joanaldian habitatak aztertu zituzten, eta itzuleran liburuxkan jasotakoa praktikan jarri zuten: «Norbaitek landare bat topatzen bazuen guztion artean identifikatzen genuen». Behin identifikatuta liburuxkan dagoen azken atalean ‘behaketa zerrenda’ deiturikoan markatu zituzten.
Liburuxka Hondarribiko Turismo bulegoan dago, doan, eskuragarri.