Mugaz gaindiko arazoak konpontzeko arreta zerbitzua martxan
Urriaren 4an zabalduko da berriro ere aholkularitza zerbitzua. Aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da.

Bidasoa-Txingudi Mugaz gaindiko Patzuergoak jakinarazi du urriaren 4an abiaraziko dutela berriro ere mugaz gaindiko arreta zerbitzua. Irunen eta Hondarribian erroldatuta dauden pertsonei zuzendutako zerbitzua da, besteak beste, erretiroa Frantziako pentsio kutxekin izapidetzeko, ordainketak egiteko edota itzulketak egiteko arazoak dituztenei laguntzeko helburua duena. Zerbitzu honek, ordea, ez du Frantziako erakunde ofizialen zerbitzua ordezkatzen.
Pandemiaren aurretik Irun eta Hondarribiko bizilagun ugarik erabili zuten zerbitzua. 2018an adibidez, 243 pertsonak eta 2019an 271 pertsona inguruk erabili zuten zerbitzua.
Kontsultak Ducoureau Jauregian izango dira, hilean 3 asteartetan, arratsaldez 15:00etatik 18:00etara. Beharrezkoa da aldez aurretik hitzordua eskatzea. Telefono honetan eskatu daiteke 943509600.